Mapa Gastronomikoa

Arto-opilak

Gozogintza — Durangaldea

1.- Izena:

Arto-opilak.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Arto-opilak banatzea oso ohitura zaharra da. Durangon (Bizkaia) urtero egiten dute, herriko San Fausto jaietan. Ez dago garbi ohitura hori nondik datorren, baina baliteke toki askotan taldean jaten diren pazko opilekin lotuta egotea, eukaristia errituaren imitazio gisara. Edozein kasutan, arto-opilen banaketa festetako une garrantzitsuenetako bat eta tradizio handiena duenetako bat da, baita durangarrek gehien maite dutenetakoa ere.

San Fausto eguneko goizean, Zezenak Dira sokamuturraren eta ohorezko aurreskuaren ondoren, udal zinegotziek Durangoko udaletxearen behealdera joaten diren guztiei ohiko gozoki hauek doan ematen dizkiete, edari batez lagunduta (muztioa, ardoa eta abar). Oso ekitaldi jendetsua izaten da eta, jai-girokoa, txalapartaren musikaz eta Dantzari Dantzaz lagundua.

Hasieran, arto-opilak Santa Ana elizaren atarian banatzen zituzten, goizeko seietan, zezenak Zezenak Dirarako askatu baino lehen. Gaur egun, eguerdi aldera egiten dute.

3.- Ezaugarriak:

Arto-opilak madalenen oso antzeko gozokiak dira, baina pixka bat handiagoak, eta forma zapalagoa daukate. Antzina, artozko opilak izango ziren, baina jatorrizko errezetatik opilak egiteko arto-irinari bakarrik eutsi diote. Oreak mahaspasa eta fruta konfitatu zati txikiak izaten ditu.

4.- Osagaiak:

Arto-irina, esnea, azukrea, arrautza, gurina, mahaspasak eta/edo fruta konfitatuak.

5.- Ekoizpen eremua:

Durango (Bizkaia).

Artopil de Durango - Actualidad Gastronomía Vasca

Bestelako produktuak