Mapa Gastronomikoa

Azkoitiko makarroiak

Gozogintza — Urola Kosta

1.- Izena:

Azkoitiko makarroiak.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

1930ean, Esteban Etxanizek Presalde gozotegia sortu zuen Azkoitian eta, geroztik, azkoitiarren ospakizun guztien lagungarri izan da.Etxeko berezitasuna makarroi zoragarriak dira; Gipuzkoako gozoki ospetsuenetako eta preziatuenetako bat.

Adituen ustez, makarroiak, mazapana bezala, gozogintza musulmanetik eratorriak dira; izan ere, musulmanak izan ziren aitzindariak almendra gozokiak egiteko osagai gisa erabiltzen. Frantzian makarroiak jateko ohitura handia dago eta modu askotara egiten dira. Beste euskal gozotegi ezagun bat makarroiaren sortzaile dela aldarrikatzen duen Donibane Lohizuneko Maison Adam da. Kroniken arabera, Luis XIV.aren eta Austriako Maria Teresaren ezkon-bazkarian, 1660. urtean, makarroiak jan zituzten postre gisa.

3.- Ezaugarriak:

Makarroiak pastel txiki biribilak dira. Almendraz, arrautza zuringoz eta azukrez egin, eta tenperatura moderatuan egosten dira.

4.- Osagaiak:

Ondoko osagaiak behar dira: almendra birrindua, horren pareko azukre kopurua eta arrautza zuringoak. Almendrak zuritu eta pixka bat txigortu behar dira. Gero, azukrea eta arrautza zuringo irabiatuak botatzen zaizkie. Masa ondo oratuta eta homogeneo geratzen denean, plakan disko batzuk egin, eta labean sartzen dira, su moderatuan, gorritu arte.

5.- Ekoizpen eremua:

Presalde gozotegiak (Azkoitia) egiten duen espezialitate tradizionala.

Gozotegian bertan saltzen dituzte.

Iturria:

  • Historia de la confitería y repostería vasca, José María Gorrotxategi Pikasarri. Sendoa arg., 1987.

Bestelako produktuak