
1.- Izena:
Bakioko zainzuriak.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Bakioko kubetaren ezaugarri bereziek (itsasoak partzialki inbaditutako lautada zapaldua da) nekazaritzaren garapenerako oso egokia den mikroklima heze eta onuragarria sortzen dute. Horrek latitude hauetan ezohikoak diren labore mediterraneoak haztea errazten du, adibidez: garrazkiak eta mahatsondoak.
Bakioko baratzeetako lur hareatsuetan, duela hamarkada batzuk arte, gaur egun ospetsu izaten jarraitzen duen produktu historiko bat hazten zen. Egile askok diotenez, antzina, Bakioko elizateak kalitate eta neurri handiko zainzuriak ekoizten zituen; izan ere, 1850. urteko albiste baten arabera, hiru zainzuri batuta, libra erdiko pisua izatera iristen ziren. Produktu honek izugarrizko garrantzia izan zuenez, Bakioko armarrian duela urte gutxi arte zainzuri sorta bat eta lanperna mordo bat agertzen ziren.
3.- Ezaugarriak:
Errizomatik abiatuta urtero hazten den eta lurrean zenbait urtez irauten duen landare bizikorra da. Udaberrian, errizomatik zurtoin mamitsuak ateratzen dira eta hori da zati jangarria. Zurtoin zurituak hobesten ditugu. Horretarako, argitik babestu behar dira, moztu arte lurrez estalita. Zainzuria ateratzen denean, klorofilaz kargatu eta berde bihurtzen da.
Herriko iturrien arabera, Bakion erraz hazten ziren. Zulo sakon bat egiten zuten, simaurra eta errizoma erantsi eta gainean hondarra bota, mendixka bat osatu arte. Udaberrian, ez zegoen zainzuriak bilatu beharrik, zainzuri-puntak zeuden tokian hondarra zartatu egiten zelako eta, pixka bat baztertuz gero, zainzuria erraz ateratzen zen. Saltzeko, beheko zatia, gogorragoa eta zurezkoagoa, mozten zioten eta sortaka jartzen zituzten.
4.- Ekoizpen eremua:
Estepona ibaiaren ibarreko lur aske eta hondartsuak apartak dira zainzuriak hazteko; izan ere, zainzuri zuriek lur mota horretan lortzen dute goizenik eta kalitate handienarekin haztea, zuntz gutxiagorekin eta mikaztasunik gabe.
Gaur egun, nahiz eta nekazaritzak Bakioko jarduerako sektore garrantzitsua izaten jarraitzen duen eta kalitate handiko produktuak ekoizten dituzten (bertako txakolina da adierazle nagusia), labore hori eta beste batzuk hazteko egokienak diren lurretan etxebizitza eraikinak eta bigarren bizilekuak eraiki dituzte. Bakio gaur egun bizilekuak egitera eta turismora zuzenduta dago.
E R R E Z E T A
ZAINZURI ONDUAK
Lau pertsonentzako osagaiak
1,7 Kg zainzuri, 50 gr txalota,
100 gr azenario, 25 ml ozpin baltsamiko,
90 ml oliba-olio, gatza eta piperzuria.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Maionesarekin batera jatea gomendagarria da.
Elaborazioa
- Txalota fin txikitu.
- Azenarioa birrindu.
- Bol txiki batean barazkiak olioa, gatza eta piperzuriarekin nahastu.
- Ozpina gehitu.
- Ondo nahastu.
