1.- Izena:
Barrengorria / Agaricus campestris L.: Fr.
2.- Ezaugarriak:
Fruitu hankadunak dira eta 4-12 cm-ko diametroko txapela daukate. Txapela globo itxurakoa da, gero ganbila, eta erdialde ganbil-zapaldua dauka. Ertza mehea da, oso irtena, konbolutuaren eta barnera kurbatuaren arteko formaduna. Kutikula banangarria da; laua edo ezkatatsua, barietatearen arabera; zetaduna; kolorea zurikoa eta, batzuetan, pixka bat horixka edo ilunagoa, ezkaten edo zuntzexken eraginez. Horiek, hasieran, zuri-krema kolorekoak dira eta, gero, okre kutsu pixka bat izaten dute. Orriak trinkoak dira, askeak, estuak, arrosa-haragi kolorekoak hasieran, gero kolore lila izaten dute eta, azkenean, marroi ilun ia beltza. Oina 3-7 x 1-2,5 cm-koa da, betea, motza, zilindrikoa, oinarrian estuagoa, kolore zurixka dauka, baina alde basalean tonu pixka bat horixkak. Eraztuna apikala da, zurixka, sinplea, mintzezkoa, mehea, oso laburra, baina batzuetan txapelaren ertzean zati txikiren bat geratzen da.
Haragi trinkoa, lodia eta zuria dauka, baina zatituz gero, arrosa kutsua hartzen du; usain eta zapore atseginak dauzka.
3.- Habitata:
Udaberritik udazkenera hazten da. Ganadua bazkatzen den belardietan agertzen da, sorgin-korro gisa.
4.- Antzeko espezieak:
Oso antzekoak eta barrengorriak bezala jangarriak diren Agaricus bisporus eta A. edulisekin nahas daitezke. Kukuma toxikotik bereizten ahalegindu behar dugu, baita agaricus toxikoetatik ere, baina azken horiek horixka bihurtzen dira.
5.- Sukaldaritza interesa:
Espezie jangarri oso ezaguna da. Haragi trinkoa, lodia eta zuria dauka, baina txikituz gero, arrosa kutsua hartzen du; usain eta zapore atseginak dauzka. Haztegietako txanpiñoien (Agaricus bisporus) oso antzekoa da, baina zapore eta usain aldetik hobea da. Barrengorria eta txanpiñoia mikroskopio bidez bakarrik bereiz daitezke argi.
E R R E Z E T A
BARRENGORRIAK, URDAI ETA MOZZARELA GAZTAZ BETEAK
Lau pertsonentzako osagaiak
8 perretxiko, 80 gr tipul, 100 gr urdai,
100 gr mozzarella-gazta, gatza,
piperbeltza eta oliba-olioa.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Barrengorriak sukaldeko paperaren laguntzaz garbitu.
- Zurtoina kendu eta hau brunoisean moztu.
- Tipula brunoisean moztu.
- Urdaia tira finetan moztu.
- Gazta birrindu.
- Olioa zartagin batera gehitu eta tipula sueztitu.
- Hau biguntzen hastean perretxikoak gehitu eta gorritzen utzi.
- Urdaia gehitu eta, berriz ere, gorritzen utzi eta zartaginean dagoena ondu.
- Perretxikoen buruak nahaste honekin bete.
- Gazta birrinduarekin estali.
- 180ºC-tan laberatu, gazta urtu arte.
- Labetuk atera eta zerbitzatu.