1.- Izena:
Birigarro arrunta / Turdus philomelos.
2.- Ezaugarriak:
Hegazti ertaina da (21-23 cm-koa), goialdeko lumetan eta paparrean tonu arreak dauzka eta, sabelaldea, tantotua. Alboetan eta hegalen azpialdean kolore okre bereizgarria dauka.
Bere elikaduraren oinarria ornogabeak dira (intsektuak, zizareak eta barraskiloak) eta, osagarri gisa, mota askotako fruituak jaten ditu.
Habia arboladietan egiten du. Zuhaitzetan, zuhaixketan eta igokarietan jartzen du habia, baita eraikinetan ere. Habia adaxkaz osatutako adaburu bat da, goroldioz, hostoz eta lokatzez estalia. Urtean bizpahiru aldiz erruten du, 3-6 arrautza bakoitzean, eta emeak inkubatzen ditu, 11-15 egunez. Txitak nidikolak dira eta aitak zein amak zaintzen dituzte.
Birigarroak neguan oso taldekoiak dira. Migratzaile bereziki gautarrak dira. Talde txikitan mugitzen dira eta, askotan, elkarri deika. Eguna atseden hartzeko eta elikatzeko baliatzen dute. Mendian ikus ditzakegu, ingudeei begiratuz gero. Ingudeak birigarroek barraskiloen oskola hautsi eta barrukoa jateko erabiltzen dituzten harriak dira.
3.- Habitata eta kokapena:
Baso hostogalkorretan eta ibar-basoetan birigarro arrunt asko daude. Han, sasitzak eta arboladiak aukeratzen ditu habia egiteko. Neguan, zuhaitzetatik gertuko eremu irekiak bisitatzen ditu. Olibadietan birigarro asko egoten dira.
Habia egile gisa, penintsulako iparraldeko herenean asko izaten dira (Kantauriko mendikatean, Pirinioetan, Katalunian, iberiar sisteman eta Ebro Garaian), baina kokapen eremua hegoalderantz eta Mediterraneotik gertuagoko eremuetarantz zabaltzen ari dela dirudi. Euskal Herriari dagokionez, iparraldetik gertuen dauden eremuetan ugaria da; hegoaldean, berriz, eremu zehatzagoetan dago eta urriagoa da.
Iberiar penintsulako populazio ugaltzailea sedentarioa da; Europako erdialdeko eta iparraldekoak, berriz, udazkenean Mediterraneo arroan kokatutako neguko kuarteletara joaten dira, multzo handitan.
4.- Ehiza:
Iberiar Penintsulako eta Balear Uharteetako ehiza xeheko pieza garrantzitsuena da, harrapaketa kopuruari dagokionez.
Ibilizko bakar-ehizan ere harrapatzen dituzten arren, gehienak parada finkoetatik ehizatzen dituzte, bai usategietatik, migratzen ari diren bitartean, bai etzalekuen eta janlekuen (mahastiak, olibadiak eta abar) sarrera eta irteeretan, hara doazenean. Birigarro arruntak irailetik azarora bitarteko pasean ehizatu ohi dituzte; ehiza garai orokorra, aldiz, urritik urtarrilera bitartekoa izaten da.
5.- Sukaldaritza interesa:
Haragi fina eta zaporetsua daukate. Ez da maiz aurkitzen, baina haragi horrekin plater bikainak prestatzen dira.
E R R E Z E T A
BIRIGORRIA ALMENDRA-SALTSAN
Lau pertsonentzako osagaiak
12 birigarro, 200 ml ardo beltz, 150 gr arbendol,
100 gr tipul, 8 gr baratxuri, piperbeltza, gatza,
oliba-olioa, 1 ezkai-adar, 2 ereinotz-hosto eta perrexila.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Birigarroen barrualdea ondo garbitu, haien tripa-hondarrik ez dagoela ziurtatzeko.
- Hankak paparrekin batera bridatu.
- Haragia ondu.
- Moztu baratxuria xaflatan.
- Moztu tipula juliana eran.
- Perrexila txikitu.
- Gehitu olioa kazola batera eta urreztatu baratxuriak, tipularekin eta perrexilarekin batera.
- Kendu baratxuriak, tipula eta perrexila kazolatik.
- Frijitu arbendoiak olio berean.
- Baratxuriak, tipula, arbendoi frijituak eta perrexila mortero batean jarri eta txikitu.
- Kazolan, aurretik erabilitako olioarekin, gorritu birigarroak.
- Bi aldeetatik urreztatu ondoren, gehitu ardoa eta utzi murrizten.
- Ondoren, gehitu morteroaren nahasketa.
- Nahastu dena ondo eta utzi janaria prestatzen, su baxuan, 15 minutuz.
- Zerbitzatu.