1.- Izena:
Jatorrizko Izendapena Bizkaiko Txakolina.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Erdi Aroan, Kantauri isurialde osoan mahatsondoak hazi zituzten. Bizkaian, txakolinak iragan distiratsua izan zuen eta gizarte zein ekonomia arloan garrantzitsua izan zen. Alabaina, XIX. mendearen bukaeran, beherakada motela gertatu zen eta desagertzeko arrisku larrian egon zen. XX. mendeko 80ko hamarkadaren hasieran ekoizle konprometitu talde batek emandako bultzadaren eta erakundeen babesaren ondorioz, 1994an, jatorrizko deitura sortu zen.
Lan honen emaitza gisa, mahastien azalera eta bildutako mahats kiloak urtez urte handitzen joan dira. Aldi berean, txakolinaren ospea ere handitu, eta nortasun handiko ardo moderno bihurtu da.
3.- Aintzatespenak:
Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak baimendutako barietateak eta ekoizpen teknikak arautzen ditu. Gainera, azterketa analitiko eta organoleptikoak egin, eta txakolinaren benetakotasuna eta kalitatea bermatzen dituzten ekoizleak biltzen ditu. Kontrol horren adierazlea Bizkaiko Txakolina bereizten duen kontraetiketa zenbakidun eta kontrolatua da.
4.- Ezaugarriak:
Txakolina egiteko mahatsondo barietate gomendatu edo nagusiak hondarribi zuria eta hondarribi beltza dira. Lehena, txakolin zurien kasuan, eta, bigarrena, gorrien eta beltzen kasuan.
Gainera, beste barietate baimendu batzuk daude: hondarribi zuri zerratia (petit courbu), mune mahatsa (folle blanche), izkiriota (gros manseng), izkiriota ttippia (petit manseng), sauvignon blanc, riesling eta chardonnay. Horien guztien kopuru osoak ezin du mahastien azalera osoaren % 20 baino gehiago bete.
Txakolin zuriak ekoizpen osoaren % 85-90 osatzen du. Gainera, txakolin gorria («oilar begia») eta txakolin beltza barrikan hartzitutako txakolin zuria jatorrizko izendapenaren parte dira. Halaber, araudiaren barruan, bi ardo mota berri babestu dituzte: mahats bilketa berantiarra, hau da, mahats oso helduarekin egindakoa; eta, apartsua, hau da, oinarrizko ardoa txakolin egiaztatua bakarrik duena.
Ardo zuriak nagusi dira; gorriak eta beltzak, berriz, urriagoak. Ardo bakan eta berezituak dira; neurri handi batean, erabilitako bertako barietateak direla medio. Horiekin ardo fresko, orekatu eta pixka bat garratzak lortzen dira. Hori argiaren eta lasto kolorekoaren arteko tonua daukate. Lurrin primarioak nabarmentzen dira, kutsu sorta zabal batekin. Horien artean, fruta ukituak nagusitzen dira, lore eta belar ukituekin batera.
5.- Ekoizpen eremua:
Jatorrizko deiturak Bizkaiko lurralde historikoko udalerri guztiak biltzen ditu. Izan ere, mahastiak lurraldeko geografia osoan daude eta mahasti-sailak kostaldetik oso gertu nahiz barnealdeko bailaretan eta garaiera ertaineko hegaletan, 400 metroko altueratik beherako lurretan, aurki daitezke.
Bizkaia klima atlantikoko eremua da, hezea eta epela. Mahatsondoak iparraldeko haizeetatik babestutako lurretan landatzen dira, betiere, eremu isolatuenak bilatuz, mahatsa ahalik eta ongien heldu dadin. Hazteko modu ohikoena besora jartzea da.