
1.- Izena:
Eper gorria / Alectoris rufa.
2.- Ezaugarriak:
Hegazti mozkotea da (33-38 cm), hegal eta isats motz biribilduak dauzka eta mokoa eta hankak gorri kolorekoak. Bekain zuri luzea dauka, baita kolore bereko lepoa ere, beltzez azpildua. Hegal grisaxkak, zerrenda marroi, zuri eta beltz ugarirekin. Oso lurtarra da, oinez oso azkar dabil eta, mehatxu egoeran egonez gero, askotan, lurrean uzkurtzen da. Azkar egiten du hegan, indar handiarekin, batzuetan hegalei eraginez eta besteetan planeatuz.
Hanketako ezproiek zer sexutakoa den jakiteko balio dute: gazteak aztertuz gero, emeek ez daukate; helduen artean, arrek ezproi trinkoak dauzkate, oinarri zabalekoa; emeen kasuan, berriz, batzuek punta formakoak eta ez hain markatuak dauzkate eta besteek ez daukate.
Landareak jaten ditu nagusiki (belarrak eta aleak). Udan, intsektuak ere jaten ditu. Kumeen garapenean, animalia osagai hori funtsezkoa da. Beraz, mugak desagertzeak eta nekazaritza jarduera intentsiboetan intsektizidak erabiltzeak (batez ere bazterretan eta muinoetan) kalte izugarria egiten die.
Ernaldi garaia otsail-martxoan hasten da. Arren karraskak mututu eta harrapaketa eta haserrealdiak bukatuta, bikoteak osatzen dira. Habia sakonera txikiko sakonune bat da, landare arrastoz estalia, bedaxka batean edo belar artean babestua. 7-17 arrautza jarri (batez beste 12-15) eta emeak inkubatzen ditu. Handik 22-24 egunera, kumeak jaiotzen dira. Habiatik berehala atera eta aita-amen atzetik ibiltzen dira. Batzuetan, emeek aldi berean bi habiatan erruten dituzte. Kasu horietan, arrak horietako bat inkubatzen du. Jaio ondorengo lehen hilabeteetan kume asko hiltzen dira. Hala, ehizatu aurreko produktibitate erreala bikoteko 4-6 kumekoa da eta, urte onenetan, 7-9koa.
3.- Habitata eta kokapena:
Lur ireki eta lehorretan bizi dira: basoberekin nahastutako soroetan, mahastietan eta abar, bai lautadetan, bai hegietan eta eremu menditsuetan.
Eperra egoneko hegaztia da. Iberiar Penintsula ia osoan eta Balear Uharteetan kokatuta dagoen arren, kopurua aldakorra da, habitataren ezaugarrien eta prezio zinegetikoaren arabera. Kantauri aldeari dagokionez, gune baztertuetan bakarrik daude eta birpopulaketen ondorio dira.
Euskal Herriari dagokionez, Arabako gune irekietan eper gorri asko daude; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ia batere ez.
4.- Ehiza:
Askoren ustez, eper gorria ehiza xeheko espezie nagusia da. Hainbat modalitate daude: ibilizko bakar-ehiza eta ibilizko talde-ehiza. Oro har, txakur erakusle eta jasotzaileen laguntzaz ehizatzen dituzte. Egoneko hegaztia denez eta bere habitata oso hondatuta dagoenez, ordutegiak eta eguneko kupoak mugatzea oso garrantzitsua da. Ehiza-esparru industrialetan (intentsiboak) ohikoa da baserrian hazitako eperrak aske uztea, berehala ehizatzeko. Ehizaldia urritik urtarrilera bitartekoa da eta, Araban, azarotik urtarrilera bitartekoa.
5.- Sukaldaritza interesa:
Hiru eper moten artean, eper gorria handiena da, baita sukaldaritzarako preziatuena ere, koipetsuena baita. Emeak arrak baino samurragoak dira eta eperkumeak (urtebete baino gutxiagokoak) bereziki preziatuak dira. Hegal puntadunak dituzte; helduek, berriz, biribilduak. Prestatu baino lehen, 1 edo 2 egunez aireztatu behar da eta soka batekin lotzea komeni da. Poliki egosita, erregosita edo gisatuta prestatu ohi da.
E R R E Z E T A
EPER GORRIA ARDO BELTZAN
Lau pertsonentzako osagaiak
800 gr eper (garbi), 350 ml ardo beltz,
200 gr azenario, 200 gr tipul, 450 gr patata,
4 gr baratxuri, 300 ml haragi-salda, ura,
oliba-olioa, piperbeltza, 1 erromero-hosto eta ura.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Moztu tipula juliana eran.
- Azenarioak zuritu eta xerratan moztu.
- Patatak zuritu eta zati handietan moztu.
- Baratxuriak zuritu.
- Lapiko batean, urreztatu barazkiak, kolorea hartzen dutenean, errazionatu eperrak eta lapikora gehitu.
- Gatza eta piperbeltzarekin ondu eta gehitu erromero-hostoa.
- Gehitu ardoa eta utzi murrizten.
- Gehitu haragi-salda eta ura eperrak estali arte.
- Sukaldatu su baxuan bi orduz.
- Laban batekin eperrak samurrak daudela ziurtatu.
- Gatzez zuzendu, behar izanez gero.
- Zerbitzatu.