Mapa Gastronomikoa

Faisai

Ehiza — Gipuzkoa

1.- Izena:

Faisaia / Phasianus colchicus.

2.- Deskribapena eta ezaugarriak:

Gallinazeoen familiako hegaztia da, handia (65-90 cm) eta isats luzekoa. Arrak lumadi ikusgarria dauka, batez ere buruan. Buru berde ilun distiratsua dauka eta begi inguruan beteraztun gorri biziak; askotan, lepoko zuri estua izaten du. Gorputza marroia da eta orban beltzak ditu. Arra bezala, emea ere isats luzea da, baina lumadi sinpleagoa dauka, arre eta beltza. Lurrean jaten du; batez ere, sustraiak, hostoak eta fruituak, baita ornogabeak ere (zizareak, intsektuak eta abar).

Arrak poligamoak dira; eme bat baino gehiago estaltzen dituzte. Habia lurrean jartzen dute, landareen artean ezkutatuta. Urtean behin erruten dute, 7-15 arrautza. Emeak txitatzen ditu, 23-27 egunez eta bera arduratzen da kumeez. Hegazti zaputza da eta hegaldi zaratatsu eta astuna egiten du. Maiz pausatzen da zuhaitzetan.

3.- Habitata eta kokapena:

Faisaia espezie exotikoa da, jatorriz Asia hego-ekialdekoa, eta ehizarako askatu ohi dira. Askotariko inguruneetara egokitzen dira. Hala, basoetan eta sastrakadi bakanduetan, heskaiak edo zuhaitz sakabanatuak dauzkaten belardi edo soro ñabartuetan, baita ibaiertzetan ere. Basoan hegazti asko askatzen dituzten arren, oso gutxik bizirauten dute. Gainera, noizbehinka ugaltzen dira eta kume gutxi ateratzen dira aurrera. Beraz, noizean behin bakarrik izaten dira faisaia aske batzuk.

4.- Ehiza:

Euskal Herrian, abeletxetan hazitako faisaiak ehizatzen dituzte, txakur erakusleen laguntzaz, ibilizko bakar-ehizan eta ibilizko talde ehizan, berehala ehizatzeko askatzen dituzten barruti sozial eta intentsiboetan. Horietaz gain, lur horietatik ihes egindakoak edo basoan hazitako ale urriak ehizatzen dituzte. Ehiza garaia urritik urtarrilera bitartekoa da.

5.- Sukaldaritza interesa:

Abeletxeko faisaiaren haragia urte osoan aurki daiteke merkatuan. Alabaina, ehizako aleak nahi izanez gero, udazkenera arte itxaron behar da. Emeak preziatuagoak dira, arrena baino haragi zaporetsuagoa eta samurragoa daukatelako. Pieza onenak gazteak dira, haragi fina eta mamitsua baitaukate.

Faisaia ehizako hegazti estimatuenetakoa da, kalitate bikaineko haragia daukalako. Haragi hori prestatzeko modu asko daude: erregosi, bete eta gisatu konplexuetatik hasita, errazagoetara, adibidez, plantxan edo parrillan. Pieza aukeratzerakoan, faisaia haragitsu, hanka malgudun eta pitzadurarik gabekoak aukeratzea gomendatzen da.


E R R E Z E T A

FAISAI BROTXETA KAKAHUETE SALTSAREKIN

Lau pertsonentzako osagaiak

500 gr faisai-bularki, 1 limoi, jengibrea,

400 gr kakahuete txigortu, 100 ml soja-saltsa,

200 ml koko-esne, 50 gr tipul, 6 gr curry,

6 gr azukre beltz, 4 gr baratxuri, gatza,

intxaur muskatua eta oliba-olioa.

Osagarriak:

Bakoitzaren gustu eta irudimenari.

Elaborazioa

FAISAI HARAGIA

Faisai-bularkiak dadotan moztu.

Bol batean, faisai dadoak limoi zukuarekin, jengibrearekin eta gatzarekin 2 orduz marinatu.

Gorritu zartaginean gatz eta intxaur muskatuarekin.

KAKAHUETE-SALTSA

Kakahueteak soja-saltsarekin batera birrindu.

Tipula eta baratxuriak zuritu eta brunoise eran moztu.

Zartagin batean, su baxuan erregosi.

Tipula bigundu denean, currya eta azukre beltzara gehitu.

Gehitu koko-esnea, utzi saltsa pixka bat murrizten eta kendu sutatik.

Birrindu saltsa.

Nahastu, aurretik egindako kakahuete-orearekin eta irakin.

Kendu sutatik.

Jarri faisai dadoak brotxeta batean eta estali kakahuete saltsarekin.

Bestelako produktuak