1.- Izena:
Felipe II.a mantekadoak, Felipe II.a polboroiak.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Felipe II.a mantekadoak Euskal Herritik kanpo ezagunenak diren Gasteizko gozokiak dira. Gabonetako gozogintzan ohikoak diren gozoki horiek segur aski XVI. mendekoak dira, Felipe II.a erregea zen garaikoak. Printzipioz, mantekadoa bloke txikitan aurkezten da. Denbora igaro ahala, gozokiaren tamaina murriztu eta ohiko bihurtu den zetazko paperean bildu zuten. Mantekado horiek egiten dituen enpresak ziurtatzen du Estatuko zaharrenak direla eta marka XX. mendearen hasieratik erregistratuta dago.
3.- Aintzatespenak:
XX. mendearen hastapenean, ehundik gora urte dauzkan Rey Felipe etxeak 1903ko Madrilgo Nazioarteko Erakusketan urrezko domina lortu zuen, baita 1. mailako ohorezko diploma ere. Espainiako mantekado batek sari hori irabazi zuen lehenengo aldia izan zen.
Historian zehar, enpresak hainbat sari lortu zituen; horien artean, produktuaren kalitateari Enpresen Nazioarteko Saria, Espainiako Sukaldaritza Trofeoa eta bere kategoriako artisau produktuei Nazioarteko Urrezko Masterra aipatuko ditugu.
4.- Ezaugarriak:
Euskal Herrian, gozoki mota horri polboroi edo mantekado deitzen zaio, bereizketarik egin gabe. Baina egile batzuek bi produktuak bereizten dituzte: mantekado gurin gehien daukanari esaten diote (forma karratua izan ohi dute) eta, polboroi, irin gehien daukanari (biribila edo arrautza formakoa izan ohi da). Mantekado izena berau egiteko erabiltzen den gurinetik dator (gazteleraz gurinari manteca deitzen zaio) eta polboroi izena hauts-moduko trinkotasunagatik (gaztelerazko polvo-tik dator). Izan ere, azken hori jaterakoan erraz desegiten da, egitura bilduko lukeen arrautzarik botatzen ez zaiolako.
Oso hauskorra denez, gozoki hau paper batean bilduta saldu ohi da eta guztiek ezagutzen dugu eskuarekin estutzeko modua. Estutzeari esker, masa trinko geratzen da eta desegiteko arriskurik gabe ireki daiteke.
5.- Osagaiak eta prestaketa:
Mantekadoa egiteko, azukrea, irina, almendra eta gurina behar dira. Felipe erregea mantekadoen osagai bereizgarri nagusia Marcona almendrak, kalitate bikainekoak, erabiltzea da. Horrek ematen dio produktuari bere zapore berezia.
Produktu osoa artisau eran lantzen eta modu naturalean egiten jarraitzen dute, koloratzailerik edota kontserbatzailerik erabili gabe.Unitate bakoitzak zenbaki bat darama, artisau eran landuta dagoela bermatzen duen zigiluan.
6.- Ekoizpen eremua:
Mantekadoak sasoiko produktuak dira. Urriaren hastapenean egiten hasten dira. Artisau eran egiten direnez, ekoizpena mugatua da. Beraz, urteko garai batzuetan zaila izaten da produktu hori eskuratzea. Hala ere, toki askotan kontsumitzaile amorratuak dauzka; izan ere, mugaz gaindi ere arrakasta izan du.
Enpresaren gaur egungo lantegia Gasteizen dago, duela bi hamarkadatik. Lehen, produktu hori Bilbon egiten zuten eta badirudi enpresa Sevillan sortu zela. Sevillan, mantekado horiek jaten jarraitzen dute.