1.- Izena:
Garagarra (malta garagardoa).
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Garagarra aspalditik lantzen da eta Asia aldeko Mesopotamiatik Afrika iparraldera bitarteko eskualdetik datorrela suposatzen da. Adituek nekazaritzaren hasieran etxekotu zen lehenengo landareetako bat izan zela uste dute. Niloko ibarrean egindako indusketa arkeologikoetan, garagar arrastoak aurkitu zituzten, 15.000 urte inguruko antzinatasuna zeukatenak. Gainera, aurkikuntzek garagar ale ehotua oso goiz erabiltzen hasi zirela ere adierazten du. Beraz, nekazaritza eta klima baldintza mediterraneoetara egokitutako laborantza da.
Garagarra nagusiki ganadua elikatzeko lantzen da, pentsu konposatuen ekoizpenean produktu energetiko gisa sartzen baita, baina garagardoa egiteko lehengai nagusia ere bada. Azken horretarako, garagar mota zehatz batzuk erabiltzen dira; garagardogintzarakoak, hain zuzen. Garagar mota horiek artifizialki sortu eta erre egiten da. Hala, malta garagarra ekoizten da.
3.- Ezaugarriak:
Gramineoen familiako (poaceae) urteko landarea. Landutako garagarrak hordeum vulgare L. espeziearen barruan sartzen dira. Espezie horrek ondoko ezaugarriak ditu: urteko landareak dira, hosto lau eta zorrogileak dauzkate, berde kolorea (gariarena baino argiagoa), eta buruan infloreszentzia dauka, ardatz artikulatu batez osatua. Ardatz horren hortzetan, modu distikoan kokatuta, hiru buruxka txertatzen dira. Garagar motak errakiaren hortz bakoitzean geratzen den buruxka kopuruaren arabera bereizten dira. Denak emankorrak baldin badira, sei lerroko garagarra da; erdiko buruxkak abortatzen baldin badu eta bi aldeetako buruxkak geratzen badira, lau lerroko garagarra izango dugu. Bi aldeetako buruxkek abortatzen badute eta erdiko buruxka bakarrik geratzen baldin bada, bi lerroko garagarra edukiko dugu.
Garagar mota guztiek ez dute garagardoa egiteko balio; garagardogintzarako garagar motek bakarrik betetzen dituzte prozesu industrialerako beharrezkoak diren kalitate baldintzak.Azken hamarkadetan, laborantzaren errendimendua pixka bat handitu da, kultur teknikak hobetzeari eta bertako garagarren ordez garagar mota hobetuak landatzeari esker. Bi lerroko garagarra erabiltzen da gehien. Araban, bi lerroko Quench garagarra lantzen da nagusiki. Ziklo alternatiboa daukan malta garagarra da, lur erdi lehor freskoetan eta ureztatuetan hazten da eta putzuen aurrean erresistentzia handia dauka. Azaroaren 15aren eta urtarrilaren 15aren artean landatzea gomendatzen da eta zikloa 250 egun inguruan bukatzen du.
4.- Osagaiak eta prestaketa:
Maltatzea zereal aleei aplikatutako prozesu biologikoa da. Aleak ernarazi egiten dira eta, landarea garatzean, azkar lehortzen dira. Garagarra zereal maltatu arruntena da, entzima kopuru handia daukalako, baina beste ale batzuk ere maltatu daitezke. Malta garagardoa, whiskia eta malta ozpina egiteko erabiltzen da.
Ernatzearen helburua garagarraren almidoia azukre bihurtzea da eta azukre hori, hartzidura prozesuan, alkohol bihurtuko da. Garagarrak daukan almidoia etorkizuneko landarearen ernamuinerako elikagai erreserba bat da, baina almidoi hori ezin da zuzenean asimilatu. Beraz, aurretik degradatu egin behar da, erneketan sortzen diren entzima hidrolitikoen bitartez. Azukre maila nahikotzat jotzen denean, erneketa eten egin behar da, aleak lehortuz. Ondoren, lortutako malta erre egin behar da, bukaerako produktuari tonu eta zapore ezberdinak emateko.
Garagardo lantegian, malta ehotu egiten da eta urarekin, lupuluarekin eta legamiarekin nahastu. Legamiak azukreak hartzituko ditu eta, hala, garagardoa egingo da.
Garagardoa, alkoholduna edo alkohol gabea, edari naturala da, ez dauka koiperik eta, haren bitartez, bitaminez zein mineralez gain, hainbat substantzia iristen zaizkigu, adibidez: polifenolak eta antioxidatzaile naturalak. Antioxidatzaileek, potentzialki, gaixotasun kardiobaskularren kontrako babesa ematen digute eta organismoa zahartzea eragiten duten oxidazio fenomenoak murrizten dituzte. Gainera, garagarrak seratonina sortzen du; hau da, zoriontasunaren hormona.
Azterketa askok garagardoa neurriz edatea onuragarria dela bermatzen dute. Ildo horretan egin dituzten azterketa berrienen arabera, garagardoa kirola egin ondoren berriz hidratatzeko edari eraginkorra izan daiteke, ariketa fisikoaren ondorioak (adibidez, gihar-mina eta nekea) murrizten laguntzen duten elementu antioxidatzaile kopuru handia daukalako.
0,0 deituriko garagardoak % 0,01 alkohol baino gutxiago dauka; “alkohol gabea” deiturikoak, berriz, % 1 inguru. Biek garagardo arruntak baino kaloria gutxiago dauzkate: lehenek, gutxi gorabehera, 100 ml-ko 17 kaloria eta azkenak 45. Hala ere, garagardo arruntetan bitamina eta mineral berdinak gordetzen dituzte.
5.- Ekoizpen eremua:
Munduko zereal garrantzitsuenen zerrendan laugarrena da garagarra, gariaren, artoaren eta arrozaren ondoren. Garrantzia horren arrazoia da egokitzapen ekologiko handia daukala eta aplikazio ugari. Klima aldetik exijentzia gutxi dituenez, garagarra lantzea oso zabalduta dago; altitude eta hedadura handietara iristen da. Dena den, garagarrak klima fresko eta pixka bat lehorrak hobesten ditu, nahiz eta udazkenean edo udaberrian landatzeko barietateak badauden. Udazkenekoek zikloa 250 egunean bukatzen dute eta udaberrikoek 120 egunean.
Estatuan, garagarra baldintza ia iraunkorretan lantzen da, sargaien kopurua oso txikia baita, eta gaur egun lur erdi lehorren portzentaia handi baten nekazaritza-ustiapena egiteko aukera ia bakarra da. Lur horietan, natur ingurunearen zaintzari eta higaduraren aurkako borrokari dagokionez, funtzio ekologiko erabakigarria betetzen duela ere esan dezakegu, landare-estalki bakarra bihurtzen baita.
Araban, Garlan kooperatiba elkarteak (bigarren mailako kooperatiba da, Arabako zenbait kooperatibak eta abeltzainek osatua), urtero, 25.000 tona garagar ekoitzi eta merkaturatzen du eta kopuru horretatik zati handi bat malta egiteko erabiltzen du. Ekoizpenaren kalitatea handia da, hazi propio ziurtatua erabiltzen du, bezeroaren eskaerari egokitua, eta trazabilitate-kontrol zorrotza egiten du. Bere bezeroak irina, pentsuak eta malta ekoizten dituzten Estatu osoko industria nagusiak dira. Garlanek, gainera, Penintsulako garagardotarako garagar ekoizle handiena den Intermaltan parte hartzen du, bazkide gisa.
Kooperatibaren zereal ekoizpenaren zati bat hazi ziurtatua lortzeko ugalketara bideratzen dute. Gaur egun, Estatu osoan Quench R-1 eta R-2 garagarraren ugaltzaile esklusiboa da Garlan. Ekoizpen oso handiko barietatea da eta Espainian malta garagar onentzat jotzen da.
6.- Gaur egungo ekoizpena:
Nazioarteko testuinguruan, garagarra lantzeko erabiltzen den azalerari dagokionez, Espainia Europako herrialde nagusia da eta munduko laugarrena, SESB ohiko estatuen, Ameriketako Estatu Batuen eta Kanadaren ondoren. Garagarra da Espainiako labore nagusia, bai okupatzen duen azalerari dagokionez, bai ekoizpenaren balioari dagokionez. Azken urteetan, urteko 3-3,3 milioi hektarea landu dira, eta ekoizpenek gorabehera handiak dituzte, klimatologiaren eraginez. Bukaerako ekoizpenaren urteko batez besteko balioa 1,2 mila milioi eurokoa da, gutxi gorabehera.
Azken urteetan konfirmatu da Araban malta garagarra etorkizuneko aukera bat dela, tradiziozko beste labore batzuek izan duten atzerakadaren aurrean, adibidez: patata eta erremolatxa. Labore horretara gero eta azalera handiagoa zuzentzen da eta dagoeneko Espainia osoko ekoizpenaren % 15 osatzen du. Hala, Estatuan kontsumitzen diren hamar garagardoetatik bat Arabako malta garagarrez eginda dago.
Araban, ekoizpen errendimendu oso handiak lortzen ari dira eta kalitate bikainekoak dira. Hala ere, Arabako malta garagarraren arrakastaren oinarria ez da kalitate handia bakarrik, baita zerealaren banaketa eta merkaturatze egokiak ere. Garlan kooperatibak zereal erreserba handienak dauzka; probintziako kopuru osoaren % 10, hain zuzen.
Produktu honen etorkizuna ziurtatzeko, Garlan kooperatibak berriki modernizatzeko eta azpiegitura berriak eraikitzeko inbertsioak egin ditu, adibidez: malta garagarra kontserbatzeko biltegi berri bat egin du. Biltegi horretan, zereala tratatu ahal izateko beharrezkoa duen lau hilabeteko epean gorde daiteke eta, ondoren, urteko gainerako hilabeteetan, plantetara banatu.
Garagardoari dagokionez, Espainia Europako laugarren ekoizle nagusia da eta munduko hamargarrena; zehazki, 33,8 milioi euroko ekoizpena dauka (BPGaren % 0,5). Horrek ekonomia nazionalari 5.910 milioi euroko ekarpena egin dio eta 7.400 lanpostu zuzen eta zeharkako 200.000 baino gehiago sortu ditu. 2009an, garagardoaren per capita kontsumoa 50,2 litrokoa izan zen. Gainera, alkoholik gabeko garagardoaren kontsumoa ere etengabe hazten ari da eta jada Estatuko kontsumo osoaren % 15 osatzen du. Izatez, Espainia Europar Batasuneko alkoholik gabeko garagardoaren kontsumitzaile eta ekoizle nagusia da.
Estatuko garagardo ia guztia sei enpresa taldek egiten dute: Mahou/San Miguel, Espainiako Heineken, Damm, Compañía Cervecera de Canarias, Hijos de Rivera eta La Zaragozanak. Sektore honek lehengai nazionalari ematen dion babesa ere nabarmentzekoa da. Izan ere, malta eta lupulu ekoizpen nazional ia osoa erabiltzen du edaria egitekoZehazki, zazpi enpresa malta ekoizle biltzen dituen Espainiako Malta Ekoizleen Elkarteak gutxi gorabehera 640.000 tona garagar erabili zituen malta egiteko.
Euskal Herrian, ez dago garagardoa ekoizten duen lantegi bakar bat ere. Keler, 1890ean bi alemaniarrek Donostian sortua, gaur egun Kataluniako Damm-ena da eta gure lurraldean jada ez du ekoizten.
Euskal lurraldean egiten dituzten garagardo bakarrak Pagoa (Euskal Garagardoa), Akerbeltz eta Etxeko Bob’s Beer dira, azken urteetan Gipuzkoako, Zuberoako eta Lapurdiko lantegi txikietan sortuak, hurrenez hurren, eta bertako lehengaiak erabiltzen dituztenak. Beste «euskal» marka batzuk ere badauden arren, esaterako, Eki eta Oldarki, horiek ez dira Euskal Herrian ekoizten.
Bitxia bada ere, Coronita, munduan gehien edaten diren garagardoen artean laugarrena, Braulio Iriarte baztandarrak sortu zuen eta gaur egungo presidenteordea, María Asunción Aramburu Zabala, euskal jatorrikoa da.
Garagardoa da munduan gehien edaten den edari alkoholduna, nahiz eta gaur egun euskal herritarren aukeren artean bigarren tokian dagoen, ardoaren atzetik. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko alkohol kontsumoaren erdia ardoari dagokio eta garagardoari % 39. Baina joera aldatzen ari da, Elikak egindako azterketa baten arabera, belaunaldi berriek garagardoa aukeratzen dutelako kasuen % 67an.