Mapa Gastronomikoa

Gernikako Piperra

Barazki-fruituak — Gernika-Bermeo

1.- Izena:

Jatorrizko Deitura Bbeztua: Gernikako Piperra.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Eusko Labela daukan Gernikako Piperra duela urte gutxi arte Bizkaian bakarrik kontsumitzen zuten bertako piper barietate bat da. Bere zapore bikainak eta fintasunak mokofinenak ere erakarri ditu, eta gaur egun Estatu osoko goi-mailako sukaldaritzan erreferentziazkoa da. Piperrarekiko daukagun zaletasuna estatistiketan islatzen da. Horiek adierazten dutenez, euskal herritarrok gara Espainiako piper kontsumitzaile handienak.

3.- Aintzatespenak:

Gernikako Piperra Eusko Label kalitate bereizgarria lortu zuten euskal produktuetan lehenetarikoa izan zen; 1993an lortu zuen. Gainera, 2007tik, Europan ere aintzatetsita dago, jatorrizko deitura babestu (JDB) baten bitartez.

4.- Ezaugarriak:

Piper samurra da, hozkada batean jatekoa, estua eta luzea, 6 eta 9 cm bitarteko neurrikoa. Ukitu leuna dauka eta kolore berdea, ez argia, ez iluna. Pedunkulu edo txorten bereizgarria dauka, estua eta luzea. Piperra kontu handiz hazi behar da, ingurumena gehien errespetatzen duten hazte teknikak erabiliz. Eskuz eta pixkanaka jasotzen dira, produktua heltze puntu egokienean dagoenean. Bi dozenaka ontziratuta saltzen dituzte, Eusko Label bereizgarria eta ontziratzailearen identifikazioa barne hartzen dituen kontrol etiketa zenbakidun batekin.

Bertako Iker eta Derio barietate baimendukoak diren piperrek bakarrik eraman dezakete Eusko Labela. Barietate horiek Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako ustiategi aukeratuetakoak dira. Beren ezaugarri nagusiak haragi fina eta azalak zimurrik ez izatea dira; hau da, ahosabaian ez da nabaritzen. Normalean, frijituta jaten ditugu.

5.- Ekoizpen eremua:

Sasoiko produktua da; biltzeko garaia apiriletik urrira bitartekoa da nagusiki. Euskal klima atlantikoko eremuetan bakarrik egiten da (Gipuzkoan, Bizkaian eta Arabako Kantauri Eskualde eta Gorbeia inguruetan), piper horiek hazteko baldintza egokiak dituztelako: hezetasun handia, tenperatura epelak, oszilazio termiko txikia, etab.

E R R E Z E T A

GERNIKAKO PIPER FRIJITUAK

Lau pertsonentzako osagaiak

500 gr Gernikako piper, 10 gr baratxuri,

ekilore-olioa (kopurua sartaginaren tamainaren arabera)

eta gatza.

Elaborazioa

  • Piperrak garbitu eta sukaldeko-paperarekin ondo lehortu.
  • Olioa kazo edo zartagin batean berotu eta erretilu batean sukaldeko-papera jarri, oliotik atera ondoren piperrak jartzeko.
  • Baratxuriak moztu eta olioan gorritu.
  • Olioa 180ÂșC-ra iristen denean (gutxi gorabehera), piperrak gehitu eta gorritu arte mantendu.
  • Sutatik kendu eta lehen prestatutako erretiluaren gainean jarri, soberako olioa kentzeko.
  • Gatza gehitu.

Bestelako produktuak