Mapa Gastronomikoa

Getariako Txakolina

Edariak — Urola Kosta

1.- Izena:

Jatorrizko izendapena Getariako Txakolina.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Gipuzkoako kostalde osoan landu da txakolina, historikoki eta etenik gabe. Hala ere, XIX. mendearen bukaeran, gainbehera motela izan zuen eta horrek desagertzeko arrisku bizian utzi zuen. Mahastiak Getaria eta Zarautzen bakarrik lantzen zituzten. Uzta-biltzaileek eta euskal administrazioak txakolina berreskuratzeko eta kalitatea hobetzeko egindako ahaleginaren ondorioz, 1989an Getariako txakolinak Getariako Txakolina jatorrizko deitura lortu zuen. Geroztik, ikerketa garrantzitsuak egin dituzte, mahasti berriak landatu eta teknologian inbertitu dute. 2007an, Getariako Txakolina izendapena Gipuzkoako lurralde historiko osora zabaldu zuten. Horrela, datozen urteetan ekoizpena nabarmen haztea espero dute.

3.- Aintzatespenak:

Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailea bertako mahatsen jatorria bermatzeaz arduratzen da, baita lantzeko teknikez, ekoizpen bolumenez, lanketaz eta kalitate kontrolez ere. Hala, txakolinaren benetakotasuna eta kalitatea bermatzen ditu. Botila bakoitzak daraman zigilu zenbakidun kontrolatuak benetako Getariako Txakolina identifikatzen laguntzen du.

4.- Ezaugarriak:

Bertako bi barietate daude: ondarrabi zuria (mahastien % 95) eta ondarrabi beltza (gainerako % 5a). Mahatsondo horiek, parretan eta besora jarrita hazita, Getariako Txakolina egiteko erabiltzen diren mahatsak ematen dituzte.

Halaber, araudiaren barruan, bi ardo mota berri babestu dituzte: mahats bilketa berantiarrekoa, hau da, mahats oso helduarekin egindakoa; eta, apartsua, hau da, oinarrizko ardoa txakolin egiaztatua bakarrik duena.

Getariako Txakolina ardo oso berezia eta ezberdina da; batez ere, zuria, gaztea eta fruta-zaporekoa. Graduazio moderatua dauka (9,5 -11,5 º) eta azidotasun maila txiki bereizgarria. Hotz zerbitzatu behar da. Karboniko orratz txiki batzuekin batera (lantzeko modu bereziaren ondorioa da), bere usain sorta osoa jariatzen du.

5.- Ekoizpen eremua:

Getariako Txakolina aldapa malkartsuetan lantzen da, ez beti terrazetan. Mahatsondoak alanbreen bidez gidatu, edo lurreko euskarrien gainean jartzen dira, ahalik eta isolamendu handiena bilatuz, heldutasun orekatua izan dezaten. Lurraren oinarria buztinezkoa da eta horren gainean hareharria jartzen da. Mahatsondoetako asko kostaldean daude. Han, euria maiz egiten du, tenperatura epela da eta izozteko arrisku txikia dago.

Getariako Txakolina jatorrizko deiturak babestutako ardoen ekoizpen eremua Aia, Getaria eta Zarautzen kokatutako lurretan kontzentratuta dago, nagusiki. Berriki, deituraren eremua Gipuzkoa osoko lurretara zabaldu da. Dena den, ekoizten hasi aurretik, kontseilu arautzaileak eta dagokion administrazioak egokitzat jo beharko dituzte lur horiek.

Bestelako produktuak