Mapa Gastronomikoa

Goxua

Gozogintza — Arabako Lautada

1.- Izena:

Goxua.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Gasteizko postre enblematikoa da, Arabako jatetxe eta gozotegi gehienetan daukate. Postre honen egilea zalantzazkoa den arren, tesi onartuenaren arabera, gozogintza tradizio handiko familia batean jaiotako Luis Sosoagak sortu zuen goxua.

Luisek berak Historia de la confitería y repostería vasca liburuan Jose María Gorrotxategiri esan zionez, 1977an Araiako elkarte gastronomiko batean bazkaltzera gonbidatu zuten eta han postrea buztinazko kazola batean jarri zioten. Horrek buztinazko kazola batean zerbitzatuko zen errezeta propioa sortzeko inspirazioa eman zion. Gasteizko jatetxe batean proba moduan aurkeztu zuenean, berehalako arrakasta izan zuen eta eskaerek izugarri gora egin zuten, baina gozoki horrek ez zeukan izenik. Luisek jatetxera joan eta beraiek zer izen jarri zioten galdetu zienean, «goxua» erantzun zioten eta izen horrekin geratu zen.

3.- Ezaugarriak:

Plater batean edo buztinazko kazola batean zerbitzatzen da gozoki hori, zenbait esne-gain, bizkotxo eta pastel-krema geruza tartekatuta. Geruza guztiak karameluz estaltzen dira.

4.- Osagaiak eta prestaketa:

Goxuak egiteko, litro bat esne-gain harrotu, 150 g azukre-ale, bizkotxo disko bat (arrautzak, azukrea, irina eta karamelua), pastel-krema (esnea, arrautzak, arto-irina, azukrea, kanela eta limoia), almibarra eta rona edo brandya.

Buztinazko kazola batean edo ontzi indibidualetan esne-gain harrotu geruza bat jartzen da, hondo guztia estaltzen duela.Gainean, brandy edo ron urritu pixka batez bustitako bizkotxoa jartzen da. Jarraian, pastel-kremarekin beste geruza bat osatzen da eta lau-lau utzi behar da, gainean ur pixka batekin arindutako karamelua botatzeko. Esne-gain geruzak kremazkoak baino handiagoa izan behar du.

5.- Ekoizpen eremua:

Goxua Arabako sukaldaritzako ezinbesteko postre bilakatu da. Gaur egun, Arabako eta Euskal Herriko gozotegi eta jatetxe askotan egiten dute, baita beste lurralde batzuetakoetan ere.

6.- Argibide gehiago:

Iturria:

  • Historia de la confitería y repostería vasca, Jose María Gorrotxategi Pikasarri. Sendoa argitaletxea. 1987.

Bestelako produktuak