1.- Izena:
Jatorrizko Izendapena Idiazabal Gazta.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Ardi latxa euskal arraza da, oso antzinakoa eta bizi den habitatera erabat egokituta dago. Artzain belaunaldi asko haiek ustiatzetik eta zaintzetik bizi izan dira, egoera oso puruan eutsi diete eta goi mendietako larratze estentsiboan oinarritutako artzaintza kultura zabala garatu dute. Ardi latxen eta Karrantzako ardien esnearekin egiten den Idiazabal Gazta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ekoizten da, duela milaka urtetik, ia aldaketarik egin gabe. Jatorrizko deitura ardi latxak eta Karrantzakoak dauzkaten artzainak babesteko jaio zen, hau da, benetako Idiazabal Gazta egiten duten artzainak, baita kontsumitzaileari jatorria eta kalitatea bermatzeko ere.
3.- Aintzatespenak:
Idiazabal Gaztaren jatorrizko deitura babestuaren (JDB) araudia 1987. urtearen bukaeran sortu zen eta gazta hori egiteko oinarrizko irizpideak definitzen ditu. Argitaratu zenetik, Euskal Herrian egiten diren ardi gazta puru mota ugariak babestuta eta bateratuta daude eta beroiek egiten diren gunearen izenarekin ezagutzen dira (Urbia, Entzia, Gorbeia, Urduña, Urbasa, Aralar eta abar).
Idiazabal Gaztaren izen ona aho batez onartuta dago; horixe adierazten dute ekoizleek nazioarteko lehiaketetan urtez urte jasotzen dituzten sari ugariek. Sari horien artean, Europako Sukaldaritzaren Ondareko Produktu izendapena eta Nazioarteko Sukaldaritza Akademiaren urrezko domina nabarmenduko ditugu.
5.- Ezaugarriak:
Idiazabal Gazta ardi latxen eta Karrantzako ardien esne gordinarekin eta gatzagi naturalarekin egiten dute, iraupen ertain edo luzeko prentsaketaren bidez. Ondoren, gutxienez bi hilabetez heltzen uzten dute. Ondo heldutako gazta kilo bat egiteko, ia zazpi litro esne behar dira. Artisau erara egin, ondu eta fintzen da, eta ez zaio batere kontserbagarririk edo koloratzailerik botatzen. Ketuta edo ketu gabe saltzen da.
Zapore bizia eta orekatua dauka, berezko kutsua eta ahoan luzaroan irauten du. Zenbakidun banda gorri bat izaten du, Idiazabal hitza idatzita eta jatorrizko deituraren bermearekin. Gainera, pieza bakoitzak oinarrian identifikatutako kaseina plaka bat darama. Bi elementuak benetakotasunaren froga dira.
6.- Ekoizpen eremua:
Bai esne ekoizpena, bai gaztarena, beti Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan egiten da (Erronkari haranean izan ezik).