1.- Izena:
Karolina.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Pastel hau Bilboko gozogintzan berezkotzat jotzen direnen artean dago, gurin-opilarekin eta arroz pastelarekin batera, eta bertako biztanleen artean onarpen handiena daukanetako bat ere bada. Parabere markesak pastel horren errezeta berak idatzitako Confitería y repostería liburuan sartu zuen, 1930ean. Bilboko gozogile batek merengea oso gustuko zeukan alaba baten laguntzaz sortu zuela diote. Aitaren asmamenak alaba merengearekin ez zikintzea lortu zuen, hostopil oinarri baten gainean jartzeari esker. Itxuraz, izugarri gustatu zitzaionez, aitak alabaren izena jarri zion pastelari.
Azken urteetan, pastel horrek Bilbon daukan fama areagotu egin da, bertako gozogile batzuek Bilboko 2009ko inauterietako kartelak izan zuen sona aprobetxatzen jakin zutelako. Kartel horretan karolina mozorrotu bat agertzen zen, «Karolino jauna» salgai jartzen. Bizkaiko gozogintza gremioak egindako artisau-gozogintzaren festan, bi orduan 3.400 karolina banatu zituzten.
3.- Ezaugarriak:
Karolina merengezko pastela da. Kremaz betetako oinarria dauka eta, puntan merenge kono bat, alde batetik gorringoz apaindua eta bestetik txokolatez.
Hostopil orea pastel-krema pixka batez (edo koko kremaz) betetzen da eta labean egosten da. Gero, merengea eransten zaio, pastelgintzako mahuka batekin, apaindu eta berriro labean sartzen da, segundo batzuez, merengea pixka bat gogortu dadin. Ez da gehiegi berotzen utzi behar.
4.- Ekoizpen eremua:
Bizkaiko artisau gozotegi gehienetan egiten dute produktu hau. Pastel hori asko kontsumitzen da eta haur zein helduen artean onarpen handia dauka.