1.- Izena:
Kuletoa, gorringoa, arrautzekoa / Amanita caesarea (Scop.: Fr.) Pers.
2.- Ezaugarriak:
Fruitu hankadunak dira. Hasieran, arrautza forma daukate, gero, koskoa hausten zaie eta 6-15 (20) cm-ko diametroa duen txapela agertzen da. Txapel horrek hasieran globo itxura dauka eta, gero, ganbila edo laua. Heltzen direnean, ertz ildoduna daukate, barnera kurbatua edo laua. Kutikula banangarria da, distiratsua, lisoa, giro hezea dagoenean pixka bat likatsua eta lehorra dagoenean satinatua, laranja kolore bizikoa, baina tonu horixka edo gorrixkekin. Orriak askeak dira, hertsiak, zabalak, lamelula tartekatuekin, hori-urre kolorekoak, eta ertz iletsu kolorebakarrak dauzkate. Oina zilindrikoa da, 7-15 (25) x 1-3 (4) cm-koa, sendoa, eraztunaren gainean ildoduna eta azpitik haritsu-matazatua; hori-urre kolorekoa da. Koskoa basal iraunkorra da, elastiko lobulatua, inguratzaile-zaku formakoa, zurixka. Eraztuna apikala da, hori-urre kolorekoa, zabala, mintzezkoa, goiko aldean ildoduna eta behekoan lisoa.
3.- Habitata:
Espezie berozalea da eta uda-udazkenean agertzen da, harizti, artadi, artelatz-baso eta gaztainadietan, baita estrepadietan ere; pagadietan, berriz, gutxitan.
4.- Antzeko espezieak:
Amanita muscariarekin nahas daiteke. Horrek eraztun formako oina dauka, lamina zuriak eta kosko hauskorra, ezkata arrastoekin.
5.- Sukaldaritza interesa:
Elikagai bikaina da, «perretxikoen erregina» dela esaten dute. Haragi hauskorra eta zuria dauka, usain zein zapore finak eta atseginak.
E R R E Z E T A
KULETOAK, LORE-ARRAUTZA ETA PATATEKIN
Lau pertsonentzako osagaiak
150 gr kuleto, 400 gr patata, 5 arrautza,
2 gr baratxuri, 70 gr perrexil, gatza
eta oliba eta ekilore olioa.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
PATATA FRIJITUAK
- Patatak zuritu eta makila finetan moztu.
- Olioa zartaginean berotu. (Olioa 80 gradu inguruan egon behar da patata konfitatzeko).
- Sua igo eta patatak frijitu urre kolorea izan arte.
- Espatula erabiliz, kendu sutatik eta jarri sukaldeko paperaren gainean.
- Gatza gehitu.
ARRAUTZAK LORETAN
- Arrautza bol batean kraskatu.
- Hartu bol txiki edo flanera bat, gehitu olio tanta bat eta bota arrautza.
- Film papera itxi eta egin korapilo bat filmeko hari batekin.
- Kazola batera ura gehitu eta bor-borrera eraman.
- Egosi 3 minutuz.
- Uretatik atera eta film papera kendu.
KULETOA
- Moztu kuletoak zentimetro bateko xafletan.
- Perrexila txikitu.
- Olioa zartagin batera gehitu eta berotu.
- Saltatu perretxikoak eta kendu sutatik.
- Bota gatza eta perrexil xehatua gainetik.