
1.- Izena:
Lanpernak, itsas-piruak, pertzebeak.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Bakio herriko itsasertzak sei kilometroko luzera dauka eta euskal kostaldeko tarte interesgarrienetakoa da. Itsasertz horretan, itsaslabar malkartsuak, hondartzak, uhartetxoak eta bestelako elementuak tartekatzen dira. Hala, paisaia aipagarria osatzen dute. Matxitxako lurmuturraren eta Bakioren arteko tokia bereziki nabarmentzekoa da. Biotopo babestu izendatu zuten eta, han, Gaztelugatxeko tonboloa eta Aketxe uhartetxoa daude.
Itsaslabar eta uhartetxo hurbilgaitzak eta lur aldapatsuak daudenez, eta haietan koba eta urpeko paisaia asko, hegaztientzako pausaleku baliotsua da. Itsas hondoetan arrain eta molusku barietate handia dago eta, itsaslabarretako oinarrian dauden pitzaduretan, lanperna preziatuak aurki ditzakegu. Bakiotarrek izugarri estimatzen dituztenez, armarrian agertzera ere iritsi ziren. Lanperna eskasiarik ez zegoen garaietan, Bakion asko jaten zituzten eta bertako tabernetan, hamaiketako edo askari gisa, lanpernak eltzean jateko ohitura zegoen.
3.- Aintzatespenak:
Gaztelugatxe ingurua EAEko naturgune babestuen sareko biotopo babestu izendatu zuten, 1998an.
4.- Ezaugarriak:
Lanpernak (Pollicipes cornucopia) bi bizi-aro oso ezberdin dauzkaten itsas krustazeoak dira. Larba-aroan, aske egiten dute igeri eta, aro hori bukatutakoan, arrokekin bat egin eta kolonia egonkorrak osatzen dituzte.
Bi zati ezberdin dauzkate: oskola edo kapitulua (lanpernaren goiko aldea edo azazkala) eta pedunkulua edo beheko aldea. Azken horren bidez, animalia harkaitzera itsasten da eta horixe da zati jangarria.
Lanpernak, aspalditik, kostaldeko gune arrokatsuetako biztanleentzako elikadura baliabide ona dira. Lanpernak biltzeko teknika arriskutsua izan ohi den arren, Kantauriko kostaldeko leku askotan kopuru izugarriak bildu dituzte, merkataritza eskari handiaren eta lonjan izaten duen prezio garestiaren eraginez. Hala, toki askotan behar baino gehiago ustiatu dituzte eta populazio naturalak nabarmen murriztu dira
Lanpernaren zaporeak eta uzten duen gustu onak jaki oso goxo bihurtzen dute. Lanperna onenak gorputz motza eta zabala daukatenak dira, lanperna luzeek baino zapore handiagoa eta haragi gehiago baitute. Zati jangarria pedunkuluaren barnean dago. Pedunkulua zilindro laranjatua da eta barruan itsas zapore bizia daukan haragi oso estimatua dauka.
5.- Harrapaketa eremua:
Lanpernaren kokalekua Atlantikoaren ipar-mendebaldeko marearteko gune harritsu osoa da, Bretainiaren hegoaldetik (Frantzia) Afrikaren ipar-mendebalde eta Mediterraneoraino. Euskal Autonomia Erkidegoan, itsaslabar aldapatsuenak dauden guneetan aurki ditzakegu lanperna koloniak.
Duela gutxi egindako azterketek adierazi dute Gaztelugatxeko biotopoan lanpernen dentsitatea eta biomasa nabarmen handitu dela berau babestu zutenetik (1998), baita babestu gabe dauden inguruko beste eremu batzuekin alderatuta (Izaro, Ogoño eta abar) lanperna gazteen eta heldu handien kopurua handitu dela ere. Horrek erakusten du eremu babestuek itsas baliabideen kontserbazioan funtzio garrantzitsua daukatela.
E R R E Z E T A
LANPERNA EGOSIAK
Lau pertsonentzako osagaiak
1 kg lanperna, ura, gatza eta erenoitz-hostoa.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Ura kazola batean jarri, erenoitz-hostoa eta gatza gehitu eta sutan jarri.
- Irakite puntura iristen denean, lanpernak gehitu eta estali.
- Urak irakina berreskuratzen duenean, lanpernak atera eta zerbitzatu.