1.- Izena:
Mahastiko melokotoia.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Mahastiko melokotoia fruta-labore ezaguna da eta Arabako Errioxa eskualdeko herritarrek zein mahastizainek asko estimatzen dute. Inguru horretako hainbat nekazari belaunaldik aukeratu duten ondare genetiko eta kultural garrantzitsua osatzen du eta kontsumitzaileen artean itzal handia dauka, bere ezaugarri organoleptiko bikainengatik. Tradizioz, fruta-arbola hauek lursailetako bazterretan edo mahastien artean hazten ziren, baina azken hamarkadetan alde batera utzi, ahaztu eta ia desagerrarazi egin dituzte, mahatsondo haztearen garapen eraginkorra gaizki ulertu delako.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak eskualderako labore alternatiba berriak aurkitu nahi ditu, nekazaritza errentaren osagarri izan daitezen, eta inguruko espezie tradizionalak babestu. Hala, 2009an, Euskalherriko Hazien Sareari Arabako mahastiko melokotoiaren gaineko azterketa bat egiteko eskatu zion.
Sareko teknikoek, tokiko nekazarien laguntza garrantzitsuarekin, Arabako Errioxa eskualdea zeharkatu dute, aleak aurkitu eta inbentarioa egiteko. Lekukotza horiez gain, fruta berezi horri lotutako erabilera eta ohiturei buruzko informazio garrantzitsua lortu dute.
Lan hori, laster, aurkitutako aleen saneatze eta berritze faseekin jarraitzea espero da eta, etorkizunean, aurkitutako materiala bildu eta kontserbazioa bermatuko duen sail bat sortzea. Horren bidez, geroan Arabako Errioxan frutagintza garatzeko ale interesgarrienak zeintzuk diren zehaztu nahi da.
3.- Ezaugarriak:
Mahastiko melokotoia deitzen dena ez da melokotoiaren barietate bat, ezaugarri egonkor eta zehatzak dauzkana;aitzitik, hainbat belaunalditan hazi bidez ugaldu da (hau da, melokotoi hezur bat landatuz). Horren ondorioz, aztertutako aleen artean aldakortasun genetiko handia gertatzen da.
Lur lehorretan hazten denez, fruitu txikiak, aroma bizikoak, kolore politekoak, ukitzeko atseginak eta oso zapore onekoak sortzen dira, fruituek azukre kontzentrazio handia daukatelako. Melokotoi horiek daukaten zapore eta aromaren kalitatea oso handia da.
Azterketan, barietate ohikoenaz gain (haragi gogorra, horia eta urtsua dauka), hainbat forma, kolore eta ezaugarritako beste melokotoi batzuk ere aurkitu dituzte, adibidez: erraz irekitzen diren melokotoiak (haragia hezurretik erraz banantzen da) eta moskatel kutsukoak (moskatela gogorarazten duen haragi gozo eta aromatikoa daukate). Halaber, hezurraren inguruan kolore gorri berezia daukaten melokotoiak ere bildu dituzte. Ezaugarri hori antzinako melokotoietan ohikoa izaten zen, baina gaur egun gutxitan ikusten da.
4.- Ekoizpen eremua:
Melokotoi-arbolen populazioa bide bazterretan, lursailen mugetan eta mahastien artean kokatutako ale sakabanatuz osatzen da, baita bideetan eta lantzen ez diren lurretan berez hazi eta behar bezalako zaintza kulturala jasotzen ez dutenez ere.
Une honetan, existitzen diren melokotoi-arbolak (gehienek 30 urte baino gehiago dituzte) kokatzeko eta esplorazioa egiteko azterketak martxan jarraitzen du. Orain arte, Arabako Errioxako hainbat herritan 92 melokotoi-arbola mota aurkitu dituzte.
5.- Gaur egungo ekoizpena:
Fruta mota honen ekoizpen txikia familiek mahairako kontsumitzeko erabiltzen da ia erabat, baina tokiko merkatuetan salgai jartzen dituztenean, barietate komertzialetako melokotoiek baino prezio askoz ere altuagoa izaten dute.
Gaur egungo ekoizpena oso mugatua da, baina mahastiko melokotoiak Arabako Errioxako lurrera eta klimara egokitzeko daukan ahalmen handiak eta bere fruituaren ezaugarri interesgarriek pentsarazten dute etorkizunean mahastiko melokotoiak lantzen den eremua handitzeko moduko merkataritza interesa eduki dezakeela.
E R R E Z E T A
MELOKOTOIA ALMIBARREAN
Lau pertsonentzako osagaiak
1 Kg melokotoi, 400 gr azukre, 400 gr ur.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Melokotoiak zuritu eta erditik moztu.
- Hezurra kendu.
- Kazola batean ura eta azukrea jarri eta irakite puntura eraman.
- Sukaldatzen utzi eta melokotoi zatiak gehitu.
- Suan 10 minutuz mantendu eta melokotoi zatiak atera.
- Almibarra prestatzen jarraitu 100 ºC inguruko tenperaturara iritsi arte, eta, hori ere, sutatik kendu.
- Bildu melokotoiak almibarrarekin beste ontzi batean eta utzi hozten.