Mapa Gastronomikoa

Mendaroko bizkotxoak

Gozogintza — Debabarrena

1.- Izena:

Mendaroko bizkotxoak.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Mendaro herriak historikoki gozogintza jarduera nabarmena izan du eta jarduera horretatik produktu enblematikoak sortu dira, adibidez: txokolatea eta bizkotxoak. Horiek egiteko duela ehunka urteko errezetak erabili dituzte, zorionez gure garairaino iritsi direnak eta itxuraz etorkizun ona daukatenak, beraien kalitate altuari esker.

Bizkotxoak, zalantzarik gabe, Mendaroren ikurretako bat dira. Dirudienez, XIX. mendean hasi ziren bizkotxoak egiten eta herriko zenbait etxek jarduten zuten lan horretan. Hasieran, astoen bizkarrean eramaten zituzten inguruko herrietako eta Altzola eta Urberuaga bainuetxeetako erromerietara, saltzera. Horregatik, Gipuzkoa osoan oso ezagunak egin ziren eta tren bidaiariek, Mendaroko geltokitik pasatzean, ez zuten erosteko aukera alferrik galtzen.

Mendaro sakristau batek bere herriko bizkotxoak betikotu zituen Isabel II.a erreginarekin izan zuen pasadizo ospetsu batean. José María Gorrotxategik jaso du pasadizo hori, 1845eko irailaren 10eko Armadaren Aldizkari Ofizialetik. Urte hartako abuztuan, erreginak, bere ahizpak eta bere ama María Cristinak lagunduta, Mendaro bisitatu zuen. Sakristauak hartu zituen, herriaren izenean eta erreginari erregina koroaren formako bizkotxo bat eskaini zion, ezer gutxi menderatzen zuen gaztelania erabiliz. Ondokoa esan zion, hitzez hitz: «Este biscocho haser en Mendaro para ti. No haser otra cosa en Mendaro. Solo haser bizcochos. Parte, pues, esto con la madre».

Diotenez, erreginak bere erregealdian entzun zuen hitzaldi bihotzekoena eta laburrena izan zen eta, politikari batzuen kalamatrika aspergarriak jasan behar izaten zituenean, ahapeka, ondokoa esaten zuen: «Ai, nire Mendaroko sakristaua!».

3.- Ezaugarriak:

Mendaroko bizkotxoak paregabeak dira beren kalitateari eta haiek egiteko erabiltzen den teknikari dagokienez. Arrautzekin eta azukre eta irin pixka batekin bakarrik egiten dituzte. Egosten direnean, azukre-hautsez estali eta labean lehortzen dituzte. Neurri txikiak, hauskortasunak, arintasunak eta estalki txuriak portzelanaren antza ematen diote eta komentu batean sortu zutela erakusten dute. Bizkotxoa bi eskutara deitutako mojen sistema zaharrean prestatzen da. Sistema hori Montiñoren 1611. urteko sukaldaritza liburuan agertzen da. Bizkotxo horiek dozenaka edo dozena erdika saltzen dira, pastel zurien gainean.

4.- Osagaiak eta prestaketa:

Bizkotxoak egiteko osagai hauek behar ditugu: 30 arrautza, 250 g azukre eta 250 g irin. Lehenengo, zuringoak harrotu behar dira, gero gorringoak. Azkenik, azukrea eta irina gehitzen zaizkio. Koilara baten laguntzaz, paper baten gainean jartzen dira eta egur labean egosten dira. Egositakoan, azukre-hautsez estaltzen dira.

5.- Ekoizpen eremua:

Mendaron (Gipuzkoa) egiten den espezialitate tradizionala. 1975ean, bizkotxoak komertzialki egiteari utzi zioten, baina herriko gazte talde batek azken ekoizlearen errezeta berreskuratu zuen eta bizkotxoak egiten jarraitu zuen, testigantzazko ekintza gisa. Berriki, Mendaroko Udalak eta Debemen Garapen Elkarteak bultzatuta, produktu hau oinordetzan hartutako formula eta teknikei zorrotz jarraituz komertzialki egiteko enpresa txiki bat sortu da. Horrela, Mendaroko gozoki enblematiko honi eustea lortu dute.

6.- Argibide gehiago:

  • Mendaroko Bizkotxoak. Garagarza kalea 5. 20850 Mendaro.

Iturria:

  • Historia de la confitería y repostería vasca. José María Gorrotxategi Pikasarri. Sendoa arg., 1987

Bestelako produktuak