1.- Izena:
Onddo beltza / Boletus aereus, Tubirporus ustulatus Paulet.
2.- Ezaugarriak:
Fruitu hankadunak dira eta 15-20 cm-ko diametroko txapel hemisferiko-ganbila daukate (batzuetan 35 cm-ra iristen dira). Heltzen direnean, ertza barnera kurbatuaren eta errekurbatu-lauaren artekoa da. Kutikula banangarria eta lehorra da, brontze kolore polita dauka, ilun samarra, erabat beltza izatera ere irits daiteke. Hodiak askeak dira, hasieran zuriak, gero horixkak eta, azkenik, hori-berdexkak. Poroak biribilak dira eta hodiekin batera kolorez aldatzen dira. Oina lodia da, sendoa eta oinarri aldean pixka bat lodiagoa, 5-12 (18) x 3-6 (9) cm-koa, kolore marroi argia dauka edo txapelekoaren antzeko tonuak, baina pixka bat argiagoak. Sare zurixkaz osatutako erretikula batek estaltzen du, batez ere goialdean.
3.- Habitata:
Espezie berozalea da, udaberriaren bukaeratik udazkenaren hasierara bitartean agertzen da, baso hostozabaletan; bereziki, harizti, artadi eta pagadietan.
4.- Antzeko espezieak:
Kaoba tonuak eta oin tripandia dauzkan Boletus pinicolarekin nahas daiteke.
5.- Sukaldaritza interesa:
Elikagai bikaina da, haragi zuria dauka eta ez da aldatzen, ez da ez belzten, ezta urdintzen ere. Usain eta zapore oso atseginak dauzka eta lurrintsua da. Sukaldaritzan oso estimatua denez, merkatuan eskaera handia dago eta prezio garestia izaten du.
E R R E Z E T A
ONDDO BELTZA BARATXURITAN
Lau pertsonentzako osagaiak
400 gr onddobeltz, 8 gr baratxuri,
130 gr urdaizapiko serrano, 30 ml txakoli,
perrexil freskoa, piperbeltza, gatza eta oliba-olioa.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Baratxuria eta tipula brunoisean moztu.
- Onddoak sukaldeko papera erabiliz garbitu.
- Perrexila txikitu.
- Urdaiazpikoa dadotxoetan moztu.
- Olioa zartagin batera gehitu eta onddoak gorritu.
- Onddoak sutatik kendu eta zartagin berdinean tipula eta baratxuria gorritu.
- Kolorea hartzen hasten direnean urdaiazpikoa gehitu eta salteatu.
- Onddoak eta txakolina gehitu.
- Murrizten utzi.
- Perrexil txikituarekin batera zerbitzatu.