Mapa Gastronomikoa

Pantxineta

Gozogintza — Donostialdea

1.- Izena:

Pantxineta.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Otaegui gozotegia Donostiako klasikoenetarikoa da. Pedro Otaeguik eta Emiliana Malcorrak sortu zutenetik (1886), Otaegui gozotegiak bere gozoki bikainak eskaini ditu eta donostiarren zein bisitarien topaleku aparta bilakatu da.

Otaegui etxeko maisu-artisau hauek eskaintzen dizkiguten berezitasunen artean, pantxineta zoragarria (hostorea, pastel-kremarekin) nabarmen dezakegu, baita artisau-turroiak ere. Gainera, hasierako espirituari, beren gozotegia ospetsu bihurtu zuten artisau-gozokien sekretuari, eutsi diote.

3.- Ezaugarriak:

Ospe handiko tarta da, Otaegui etxeak sortua, 1915. urte inguruan, eta Donostiako sukaldaritzako postre klasiko oso estimatua. Pastel-krema daraman hostore bat da eta bero jatea gomendatzen da.

4.- Osagaiak:

Zortzi lagunentzako ondoko osagaiak behar ditugu:

Alde batetik, hostorea egiteko, 250 g irin, 250 g gurin, 1 dl eta laurden ur, eta gatz koilarakada erdia behar dira. Beste alde batetik, krema egiteko, 200 g azukre, 100 g irin, 4 arrautza gorringo, 2 arrautza oso, 1 litro esne eta kanela.

Hostorea osatzeko, irinarekin, urarekin eta gatzarekin ore bat egin behar da. Tarte batez pausatzen utzi eta gero, gurina eransten zaio eta sei buelta arrunt ematen zaizkio. Hala, pieza biribila aterako da.

Krema egiteko, alde batetik, gorringoak, arrautza osoak, irina eta azukrea nahasten dira; beste alde batetik, esnea eta kanela egosten jartzen dira eta, irakitean, nahasketa hori aurreko oreari botatzen zaio.

Bi hostore geruzak hartu eta krema horretaz betetzen dira. Gero, arrautzez bainatu eta almendra xehatuz estaltzen da. Labean su ertainean erre.

5.- Ekoizpen eremua:

Pantxineta ezagunena Otaegui gozotegikoa da (Donostia). Gainera, Gipuzkoako eta Euskal Herriko gozotegi zein jatetxe ugaritan egiten dituzte.

Otaegui etxeak Donostian dauzkan bost gozotegietan saltzen dute.

Iturria:

  • Historia de la confitería y repostería vasca. José María Gorrotxategi Pikasarri. Sendoa arg., 1987

Bestelako produktuak