Mapa Gastronomikoa

San Marko opila

Gozogintza — Bidasoa Beherea

1.- Izena:

San Marko opila.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Irun aldean, ekaitzetatik eta kazkabarretatik babesten duen San Markoren aldeko jaia ospatzen da aspalditik. Egun horretan, soroak bedeinkatzen zituzten, etorkizuneko uztak babesteko. Horretarako, herri osoa San Martzialeko ermitara joaten zen. Ospakizunean, hamarretakoa banatzen zuten. Hamarretako hori ogi-opil bat izaten zen, labean sartu aurretik arrautza bat edo bi eransten zitzaizkiona.
Diotenez, amabitxiak opil hori semebitxi edo alababitxiei oparitzeko gordetzen hasi ziren eta hori da inguru horretako ohitura zaharrenetako baten abiapuntua. Ohiturari jarraiki, urtero, apirilaren 25ean, San Marko egunean, amabitxiek semebitxi edo alababitxiei opil bat oparitzen diete, ezkondu arte, eta opilak daraman arrautza kopuruak semebitxi edo amabitxien adinarekin bat egin behar du. Ohitura, behintzat, hori zen.
Ume irundarrentzat apirilaren 25a egun garrantzitsua da. Ahozapi batez estalitako opila bedeinkatuz hasten dute, Junkal plazan. Arratsaldean, San Martzial mendira igotzen dira (Hondarribiaren kasuan, Guadalupera), familiarekin jatera.

3.- Ezaugarriak:

Lehenengo opilak ogi arruntak ziren, baina ore gainean arrautza bat edo gehiago izaten zituzten. Aurrerago, Izarra likorez lurrindutako ore hautsiarekin egiten hasi ziren eta, egosi aurretik, piperrez eta arrautzez apaintzen zituzten. Opilek aldatzen jarraitu dute eta, gaur egun, apaingarriz betetako bizkotxoak egiten dituzte.

4.- Osagaiak:

Opil tradizionala egiteko ondoko osagaiak behar dira: 1 kg irin, 500 g azukre, 500 g gurin, 3 arrautza eta Izarra likorea. Aldiz, gaur egungo opilaren oinarria bizkotxo arrunta da edo, bestela, irin zati baten ordez almendra xehatua daukan bizkotxoa. Azken hori kolore arrosa biziz tindatutako arrautza egosiz apaintzen da. Gaur egun, beste elementu koloredun ikusgarri batzuk eransten zaizkie, adibidez: gorringoak, koloretako anisak, goxokiak eta abar. Kasu batzuetan, arrautza egosien ordez, txokolatezkoak jartzen dituzte. Opil guztiek txita hori bat izan ohi dute, apaingarri gisa.

5.- Ekoizpen eremua:

Ohitura zahar hori Irunen eta inguruko beste herri batzuetan oso zabalduta dago oraindik, adibidez: Hondarribia, Pasaia eta Errenterian.

6.- Gaur egungo ekoizpena:

San Marko egunaren (apirilak 25) inguruan bakarrik egiten dituzte.

7.- Argibide gehiago:

  • Irungo Aguirre gozotegia 943 620 828 Jenaro Etxeandia plaza 3

Iturria:

  • Historia de la confitería y repostería vasca, José María Gorrotxategi Pikasarri. Sendoa arg., 1987.

Bestelako produktuak