Mapa Gastronomikoa

San Martin ziza

Mikologia — Donostialdea

1.- Izena:

San Martin ziza, urril-ziza / Clitocybe geotropa (Bull.: Full) Quél.

2.- Deskribapena eta ezaugarriak:

Fruitu hankadunak dira eta 10-30 cm-ko diametroko txapela daukate (Clitocybe maxima barietatearena 40 cm-koa izatera irits daiteke), ganbila eta nahiko titiduna, gero lautua eta, azkenean, erdialde zapaldua eta argi bereizten den titi bat izaten ditu. Ertza irregularra da, mehea, konbolutua eta barnera kurbatuaren artekoa heltzean. Kutikula banangarria da, laua, matea, zuntzexka erradialak dauzka eta larru edo sarrio kolorea, heltzean argitzen diren tonu arrosa-laranjekin. Orriak ez dira oso hertsiak, forma dekurrentea daukate, kakotua, lamelula tartekatuak dauzkate eta kolore beix-krema, arrosa tonuekin (txapelekoak baino argiagoak).Oina 7-20 x 1,5-4 cm-koa da, zilindrikoa, oinarri lodia dauka eta punta aldean diametro txikiagoa, sendoa da, haritsua, pareta lodiak dauzka, txapelaren kolore bera edo pixka bat argiagoa eta alderdi basala kotoi-itxurakoa da, zurixka.

3.- Habitata:

Urriaren bukaeratik aurrera hazten da, taldeak osatuz, belardietan eta basoen bazterretan.

4.- Antzeko espezieak:

Clitocybe maximarekin nahas daiteke (handiagoa eta titirik gabea), baita C. gibbarekin (txikiagoa) eta C. costata rekin ere (ertz bizkar zabal-ildoduna dauka).

5.- Sukaldaritza interesa:

Jaki ona da. Txapeleko haragia trinkoa da eta oinekoa haritsua, kolore zuria-krema dauka, usain zianiko oso konplexua, almendra mikatzenaren antzekoa, eta zapore gozoa.


E R R E Z E T A

SAN MARTIN ZIZA PATEA

Lau pertsonentzako osagaiak

300 gr san martin ziza, 150 gr tipul,

4 gr baratxuri, 35 ml sukaldatzeko esnegain,

20 ml Pedro Ximenez, piperbeltza, erromero-hostoak,

oliba-olioa eta gatza.

Osagarriak:

Bakoitzaren gustu eta irudimenari.

Elaborazioa

  • Baratxuriak eta tipula zuritu eta brunoisean moztu.
  • Erregosi zartaginean.
  • Tipula biguntzen hasten denean, perretxikoak gehitu erromeroa, piperbeltza eta gatzarekin batera.
  • Ardoa gehitu eta murrizten utzi.
  • Sutatik kendu eta hozten utzi.
  • Nahasteko ontzi batean jarri eta gehitu esnegaina.
  • Irabiatu masa homogeneo bat lortu arte.
  • Hozkailuan hozten utzi.

Bestelako produktuak