1.- Izena:
Sasi ardia.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Sasi ardi izena bi izenez osatuta dago: sasi (sasitza) eta ardi izenez. Beraz, sasi ardia sasitzetako ardia da; definizio oso zehatza da ingurune zailean bizitzera inor baino hobeto egokituta dagoen animalia horrentzat. Zuhaitz asko dauden eta jatekoa aurkitzea zaila den mendi inguru aldapatsuetan bizi dira, sasi, zuhaixka eta sastraka artean.
Ingurune gogor horretan, sasi ardiek erabat aske eta basatuta biziraun dute. Errentagarritasun ekonomiko eskasaren eraginez, azken hamarkadetan sasi ardien kopurua modu kezkagarrian murriztu da. Azken urteetan zenbait teknikarik eta hazle elkartek egin duten lanari esker, arraza berreskuratzeko eta kontserbatzeko zenbait neurri ezarri dira, aniztasun genetikoari dagokionez interes ukaezina daukatelako eta orografia malkartsua duten eremuak (beste animalia batzuentzat ezin iritsizkoak) mantentzen laguntzen dutelako.
3.- Aintzatespenak:
Sasi ardi arraza Euskal Herriko Bertako Abere-arrazen Katalogo Ofizialean (2001), Espainiako Abere-arrazen Katalogo Ofizialean (2006) eta Nazio Batuen FAO erakundearen Etxeko Abereen Aniztasunari buruzko Katalogoan (DAD-IS) jasota dago.
4.- Ezaugarriak:
Sasi ardia arraza oso larretarra da eta gune menditsuetan bizi da, erabat aske. Animalia txikiak eta proportzio pixka bat luzekoak dira, hiruki formako burua daukate, zuzena eta ilerik gabea, belarri tente eta txikiak, begi irtenak eta espresio bizia. Hori edo gorri uniformeak dira. Burua, paparra eta hankak ilerik gabeak dira; gorputzeko gainerako zatietan, berriz, ile zuria daukate. Hankak meheak eta luzeak dira. Animalia helduen pisua, ardien kasuan, 35 eta 45 kg artekoa izaten da eta, aharien kasuan, 45 eta 55 kg artekoa.
5.- Osagaiak:
Sasi ardiak haragitarako erabili izan dira, bizirik 10-12 kiloko pisua izaten duten esne bildots gazteen bitartez (30-40 egun). Emeek amatasun sen izugarria eta kumeak egiteko erraztasun handia dauzkate. Kumeak otsail eta martxoa bitartean egiten dituzte. Ardi horiek ez dira jezten. Beraz, esne guztia bildotsa elikatzeko erabiltzen da. Apirilaren hasieran, ardiak mendira eramaten dituzte. Han, azaroaren bukaerara arte egoten dira. Orduan, baserrietatik gertuko larreetara lekualdatzen dituzte.
Azken urteetan elikagai naturalak kontsumitzeko interesak izan duen gorakadak bildots hauen eskaria ugaltzea ekarri du. Alabaina, merkatuan apenas dagoen eskaintzarik, gaur egun Euskal Herrian sasi ardi kopuru txikia dagoelako.
Sasi ardiak ekosistemak kontserbatzeko ere erabiltzen dira eta horri gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio.Sasi ardiek behe-basoa kontrolatzen eta garbitzen dute. Horri esker, ingurunea suteetatik babestuta eta landa eremuko paisaiari eutsiz mantentzen laguntzen dute. Azken urteetan, Nafarroan, gipuzkoar eta bizkaitarrei gero eta sasi ardi gehiago saltzen dizkiete, koniferoen sailak zein baserri inguruak kontserbatzeko eta garbitzeko.
6.- Ekoizpen eremua:
Arrazaren ohiko eremu geografikoa Gipuzkoa eta Nafarroaren artekoa da, Gipuzkoaren ipar-ekialdea eta Nafarroako ipar-mendebaldea; zehazki, Urumea, Leitzaran, Malerreka eta Bortziriak bailarak eta Aiako Harriaren inguruko mendiak.
Hala ere, gaur egun, Gipuzkoan (Itziar, Aizarna, Ataun eta Azkoitia), Bizkaian (Durangaldea) eta Lapurdin aurki ditzakegu sasi ardiak. Nafarroari dagokionez, Leitza, Goizueta, Arano, Ezkurra, Arantza, Lesaka eta Beran daude.
Ustiapen erregimena intentsiboa da; mendian gutxienez 8-9 hilabetez bizi dira, erabat aske. Ardi horiek bizi diren lekuetara iristea oso zaila da, lurra oso malkartsua delako, aldapa handiak daudelako eta zuhaitz asko daudelako. Sakabanatuta egoten dira, arraza hori ez baita batere taldekoia. Ustiategien tamaina txikia izaten da; artaldeko 50-60 ardi edukitzen dituzte.
E R R E Z E T A
ARKUME-PALETATXOAK CAVAN, MAHATSEKIN
Lau pertsonentzako osagaiak
1 kg arkume-beso, 300 gr baratxuri,
100 gr tipul, 750 gr brut-cava,
250 gr mahats zuri, gatza,
piperbeltza eta oliba-olioa.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Gehitu oliba-olioa labeko erretilu bateani eta jarri arkume-besoa
- Ondu, baratxuriak zuritu eta erretilura gehitu.
- Sartu labean 180 ºC-tan, 10 minutuz gutxi gorabehera.
- 10 minutu igaro ondoren, besoari buelta eman eta beste 10 minutuz laberatu.
- Ondoren, jarri cava kantitatearen erdia erretiluan eta 15 minutuz labean sartu.
- Azkenik, gainontzeko cava eta mahatsak gehitu eta 20 minutuz labean sukaldatu.
- Zatitu eta zerbitzatu.