Mapa Gastronomikoa

Sokonusko turroia

Gozogintza — Bilbo Handia

1.- Izena:

Sokonusko turroia.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

XX. mendeko 30eko hamarkadan, Espainiako Levanteko turroigile batzuk Eguberriro Bilbora etortzen hasi ziren, beren produktuak etxe atarietako izkinetan eta beste saltoki batzuek uzten zizkieten txokoetan saltzera. Hala ere, horiek ez ziren bilbotarrek dasta zitzaketen turroi bakarrak. Hiriko gozotegietako batzuetan, jada Sokonusko izeneko turroia saltzen zuten. Izena Mexikoko Chiapas estatuko eskualde batetik dator. Sokonusko turroiaren errezeta Bizkaiko gozogileen artean transmititu da hainbat belaunalditan. Kondairaren arabera, XVII. mendean Santa Ana Soconuscon izan zen Iñigo Urrutia hasi zen turroia ekoizten, han kakao onenak aukeratzeko sekretuak ikasi ondoren. Egiazki, kolonia garaian, Soconusco izan zen kakaoa ekoizten zuen eremu nagusietako bat eta, garai hartan, bere izena kalitatezko kakaoarekin lotu zuten.

3.- Ezaugarriak eta osagaiak:

Sokonusko turroiak hiru kolore dauzka, berau osatzen duten hiru pralineen eraginez: zuria, beltzarana eta beltza. Zuria, estaldura zuria daraman gutxi txigortutako almendrarena da; beltzarana, txokolate esnedunezko estaldura daraman gutxi txigortutako almendrarena; eta, beltza, txokolatezko estaldura daraman almendra txigortuagoarena. Hori guztia txokolatez estaltzen da. Almendra labean txigortu behar da eta azukrearekin nahastu. Fintzeko makinatik pasatu, glas azukrea bota eta arrabola pasatu behar zaio, ore lodi bat egin arte. Orduan, dagokion estalduraz estali behar da.

4.- Ekoizpen eremua:

Sokonuskoa Bilboko turroi tradizionalena da, baina Bizkaiko beste artisau-gozotegi batzuetan ere egiten dute. Azken urteetan gain behera bolada bat izan ondoren, Bizkaiko Gozogileen Elkarteak emandako bultzadari esker, berriz ere turroi ospetsuenetako bat da.

Soconusco - Turrón de Bilbao | Las Recetas de Marichu.... y las mias

Bestelako produktuak