Mapa Gastronomikoa

Tolosako goxagarriak

Gozogintza — Tolosaldea

1.- Izena:

Tolosako goxagarriak, Tolosako xaxuak.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Tolosako gozogintzaren ospea mende askotako tradiziotik eta bertako gozotegi ugarien lanetik dator. Mugak gainditu dituzten bertako gozoki apartak egiten dituzte (teilak, zigarrotxoak, goxagarri edo xaxuak, pantxineta, tartak, eta abar). Gaur egun, belaunaldi berriak konkistatu dituzten artisau-gozoki horiek goren mailan daude. Tolosako goxagarriak horren adibide egokiak dira; XIX. mendeko errezeta batean oinarritutako gozoki txiki horiek tentaldiari eustea ia ezinezko bihurtzen duten gutizia gastronomikoak dira.

Tolosako gozotegi askotan egiten dituzte almendra eta gorringo gozoki horiek, baina ezagunenak, zalantzarik gabe, xaxuak dira; hau da, Gorrotxategi gozotegiak «Xaxu» ezizena zeukan gozogile baten omenez egiten dituen goxagarriak. Bere jaiolekua izan zen Tolosako Xaxueta baserriaren izenetik zetorkion ezizen hori. Kale Nagusiko lantegian lanean hasi zen lehenengo gozogilea izan zen Xaxu. Handik denbora luzera, José María Gorrotxategik jarri zuen han gozotegia; zehazki, gaur egungo gozogileen aita eta aitona zenak.

Gorrotxategi euskal artisau-gozotegi ezagunenetakoa eta izen handienekoa da, arrazoi askorengatik: mende batetik gorako historia eta ondare garrantzitsua dauzkalako, gure gozoki enblematikoetako batzuk sortu dituelako eta José María Gorrotxategik, euskal gozogintza tradizionalari eusteko eta zabaltzeko ahalegin nekaezinean egin dituen ikerketa lan bikainengatik. Gainera, familiako belaunaldi berriek egunero tradizioa eta berrikuntza bateratzeko lan egiten dute. Hala, berritasunak sortzen dituzte, beren artisau-gozoki bikainez gozatzen jarraitu ahal izan dezagun.

3.- Aintzatespenak:

José María Gorrotxategi Pikasarriri eman dizkioten aintzatespenetatik, ondokoak nabarmenduko ditugu:

  • 1967an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide supernumerario izendatu zuten.
  • Busca Isusi kazetaritza saria irabazi zuen.
  • Ikerketa gastronomikoei Félix Mocoroa sarian aipamen berezia.
  • Gastronomiazko Euskal Anaiartearen Eguzki Lore saria, boladuari buruzko ikerketengatik.

XVII. mendeko gozotegi zaharra eraitsi zutenean, 1981ean, José María Gorrotxategik bertako lan tresnak bildu zituen, interes etnografikoarekin. Pixkanaka zabaltzen eta osatzen joan den bilduma hori gaur egungo Tolosako Konfiteri Museoan ikus daiteke. Han, gozogintza munduaren eta lanbidearen bilakaera ezagutuko dugu.

4.- Ezaugarriak:

Almendrazko artisau-pasteltxo krematsuak dira eta ukitu samurra daukate, mol gorringoz betea. XIX. mendeko sorkuntza da, eta gaur egun sukaldaritza produktu bikaintzat jotzen da.

5.- Osagaiak:

1 kg almendra, 1 kg azukre, orez estaltzeko behar adina arrautza, mol gorringoa, 12 gorringo, 300 g azukre 35 º Bauméra.

6.- Ekoizpen eremua:

Tolosako zenbait artisau-gozotegitan egiten den berezitasun tradizionala da. Euskal Herrian eta kanpoan ospe handia daukate; batez ere, Gorrotxategi gozotegian eta Eceiza etxean egiten direnak preziatzen dituzte.

Bestelako produktuak