Mapa Gastronomikoa

Txirla fina

Arrantza — Bizkaia

1.- Izena

Txirla fina.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Hezeguneak ekosistema natural aberatsenetakoa eta emankorrenetakoa dira, eta bertako animalia eta landare espezieen ugaritasuna bioaniztasun handiaren adierazlea da. Ongien kontserbatzen diren euskal itsasertzeko hezegune nagusien artean, Urdaibai, Txingudi eta Txipioko padurak daude. Itsasbehera dagoenean, eremu zabal horietan marearteko lohi eta hondar guneak azaleratzen dira. Gune horietan, Oka (Urdaibai), Bidasoa (Txingudi) eta Butroe (Txipio) ibaietako estuarioetan zabaltzen diren ornogabe ugari daude, adibidez: txirlak, berberetxoak edo txirla finak.

Badakigu duela sei mila urte baino gehiago paisaia hauetan bizi ziren izaki primitiboek jada hezeguneetan itsaskiak biltzen zituztela, Santimamiñeko leizeko aurkikuntza arkeologikoetan jaso zen lekukotzak adierazten duen bezala. Leize horretako maila batean, maskor eta molusku pilaketa handia aurkitu zuten, hain zuzen. Beraz, itsaski bilketa padura eremuetan beti ustiatutako baliabide bat izan da, bai autokontsumorako, bai helburu ekonomikoekin. Alabaina, jarduera honek ekosisteman eragina duenez, azken urteetan, arautu egin dute, erauzketa paisaia bakan horien babesarekin bateratzeko.

3.- Aintzatespenak:

Hala Urdaibai nola Txingudi itsas hegaztien habitat gisa nazioarteko garrantzia duten hezeguneei buruzko Ramsarreko Hitzarmenaren barruan daude. Gainera, biak HBBG izendatuta daude (Hegaztientzako Babes Bereziko Guneak), Natura 2000 Sarearen barruan.

Unescok Urdaibai biosfera erreserba izendatu zuen, 1984an, eta, hala, komunitate zientifikoak gune horrekiko interesa zuela agerian utzi zuen.

Txipioko paduraren kokalekua den Uribe Kosta-Butroe eremua, gaur egun, biotopo babestu izendapena jasotzeko izapide prozesuan dago. Hala, ingurumen, zientzia, historia eta kultur arloko balioak egoki babestea lortzeko asmoa dago.

4.- Ezaugarriak:

Txirla fina (Tapes decussatus) Euskal Herrian bildu eta kontsumitzen diren molusku nagusietako bat da. Gainera, hurbileko zenbait espezie ere badaude eta euskaraz haiei ere txirla deitzen zaie, adibidez: txirla lirdingatsua (Venerupis pullastra) eta txirla arrunta (Venus gallina). Horien artean, txirla fina da merkatuan kalitate onena eta prezio garestiena daukana.

Molusku bibalbioa da, eta oskola mehea dauka, 3-5 cm inguruko luzerakoa. Bere kolorea gris argiaren eta gris ilunaren artekoa da eta orban arreak dauzka, baita lehen begiratuan ikusten diren ildaska oso finak ere. Hondar garbiko hondoetan bizi dira, 15-30 cm-ko sakoneran lurperatuta. Beraien sifoiari esker, itsas hondoan dilinda dabiltzan partikula elikagarriez elikatzen dira. Itsasbeheran lokatzetan oinez ibilita harrapatzen

dituzte, eskuzko tresnen bitartez (adibidez: aitzurra eta arrastelua) edo beren sifoiek hondarretan uzten dituzten zuloak bilatuz.

Itsaski horiek alderdi guztietan oso preziatuak dira, garestiak eta jateko modu asko daude. Euskal sukaldaritzan, ornogabe horiek hainbat modutara prestatzen dira (eltzean, arrozarekin, zopan eta abar), eta gordin ere jaten da. Gainera, askoren ustez gordin jatea da dastatzeko modurik onena; izan ere, diotenez, itsasoaren zapore biziaz gozatzeko era bakarra da. Baina sukaldatzeko modurik ohikoena marinel-erara da; hau da, saltsa berdean, baratxuriarekin eta perrexilarekin. Diotenez, plater hori Urdaibain sortu zuten, duela mende erdi baino gehiago, Busturiako Ramona jatetxe ospetsuan, ibaiaren parean. Horregatik, inguru horretan, marinel-eran egindako txirlei «Ramonako txirlak» ere deitzen diete.

5.- Harrapaketa eremua:

Txirlak Europako kostalde guztietan bizi dira, baina bereziki Frantzian eta Iberiar Penintsulan, sakonera txikian, marearteko hondo hondartsu eta lohitsuetan; batez ere, hondar pixka bat lodikoak eta legartsuak direnetan.

Euskal Herriko itsaski baliabideak nagusiki Mundaka, Plentzia eta Txingudin ustiatzen dituzte. Une honetan, Txingudiko eta Plentziako estuarioetan itsaskiak biltzea behin-behinekoz debekatuta dago, baina laster baimentzea espero da.

Euskal estuarioetan oinezko bilketan harrapatzen den espezie nagusia txirla fina da. Horrekin batera, txirla lirdingatsua, berberetxoa eta zenbait datil espezie ustiatzen dituzte. Zenbait kalkuluren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan interes komertziala daukaten 14 espezie daude, baina sei motatakoak bakarrik ustiatzen dituzte.

Gaur egun, moluskuak ekoizteko eremuak Urdaibaiko estuariora mugatzen dira, eta zenbait kategoriatan banatuta daude. Eremu batean itsaskiak biltzea debekatuta dago eta beste batean baimenduta (bokaletik Sandinderi uharterainoko eremuko eskuin aldea). Bigarren horretan hartutako moluskuak garbitu egin behar dira bizirik saldu aurretik.


E R R E Z E T A

TXIRLAK SALTSA BERDEAN

Lau pertsonentzako osagaiak

1 kg txirla, 15 gr baratxuri, 2 kayena piper,

100 ml ardo zuri, 30 gr irin, 200 ml arrain-salda eta perrexila.

Osagarriak:

Bakoitzaren gustu eta irudimenari.

Elaborazioa

  • Egun bat lehenago (edo ordu batzuk lehenago), txirlak ur hotzetan jarri, hondarra aska dezaten.
  • Baratxuriak txikitu eta, zartagin batean oliba-olioarekin, ondo erregosi. 
  • Perrexila ondo txikitu.
  • Irina gehitu eta ondo nahastu.
  • Ardo zuria gehitu eta urritzen utzi.
  • Alkohola lurrundu ondoren, gehitu arrain-salda eta gatzatu.
  • Gehitu perrexila.
  • Gehitu txirlak eta utzi irekitzen.
  • Kendu sutatik eta zerbitzatu.

Bestelako produktuak