1.- Izena:
Urritxa / Russula cyanoxantha (Schaeff.) Fr.
2.- Ezaugarriak:
Fruitu hankadunak dira eta 5-15 cm-ko diametroko txapela daukate. Txapel hori hemisferiko-ganbila edo zapala eta lau-ganbilaren artekoa da. Ertza barrura kurbatua izaten da eta, heltzen denean, kanpora kurbatua-laua. Kutikula, eguraldia hezea denean, elastikoa, likatsua eta distiratsua izaten da; lehorra denean, berriz, zimurtsua edo erradialki zapaldua. Kolorea aldakorra da, purpuratik morera, urdin beltzaxkara, gris morexkara edo botila-berdera aldatzen da, edo kolore horiek guztiak nahasten ditu. Orriak adnatuak, estuak, koipetsuak (hatza pasatuz gero nabaritzen da), zain bidez lotuak eta zurixkak dira. Oina nahiko motza da, zilindrikoa, zuzena edo okerra, oinarri estuagoa dauka eta 5-10 x 1,5-3 cm-koa neurria. Zuria da eta batzuetan arrosa kutsu pixka bat dauka; heltzen denean, aldiz, orban marroiak edukitzen ditu.
3.- Habitata:
Espezie arrunta da. Udaberriaren bukaeratik udazkenaren bukaerara bitartean agertzen da, hostozabalen eta koniferoen basoetan.
4.- Antzeko espezieak:
Antzeko kolorea daukan Russula generoak ez bezala, orri koipetsuak dauzka. Batez ere R. virescens, heterophylla, vesca, aeruginea, grisea, incolora eta parazurea espezieekin nahasten dugu.Kontuz Amanita phalloidesarekin!
5.- Sukaldaritza interesa:
Jaki bikaina da. Ale gazteak jatea komeni da, berehala beldarrez betetzen baitira. Russula generoa erraz bereiz daiteke, haragia zatikatzeko moduagatik. Tiza puska baten modukoa da; hau da, pikortsua eta gogorra.
E R R E Z E T A
URRETXA ETA ZERBA QUICHEA
Lau pertsonentzako osagaiak
1 ore-hautsi xafla, 200 gr urretxa, 200 gr zerba,
200 ml sukaldatzeko esnegain, 220 gr arrautza,
100 gr mozzarella, intxaur muskatua, piperbeltza eta gatza.
Osagarriak:
Bakoitzaren gustu eta irudimenari.
Elaborazioa
- Orea molde biribil batean zabaldu, tartaleta itxura emanez.
- Labea 180 ÂșC-tan aurreberotu.
- Zerbak garbitu.
- Garbitu perretxikoak sukaldeko papera erabiliz eta xaflatan moztu.
- Gazta birrindu.
- Olio pixka bat zartaginera gehitu eta saltatu perretxikoak.
- Kolorea hartzen hasten direnean, zerbak gehitu.
- Beste ontzi batean, arrautzak kraskatu eta esnegainarekin nahastu.
- Gazta, perretxikoak eta zerbak ontzira gehitu eta ondo nahastu.
- Intxaur muskatua, piperbeltza eta gatzarekin ondu.
- Ontzian dagoen nahastea lehen prestatutako moldean jarri.
- 40 minutuz laberatu, edo goiko aldea urre-kolorekoa izan arte.
- Atera labetik, utzi epeltzen eta zerbitzatu.