
1.- Izena:
Vasquito bonboiak, neskita pastillak.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Goya euskal gozotegi ezagunenetakoa da eta Gasteizera bisitan joaten direnentzat ia ezinbesteko geltokia. Goya etxea Manuel Goyak sortu zuen, Gasteizko Mateo Moraza kalean, 1886. urtean. Garai hartako gainerako gozotegietan bezala, lantegian argizaria eta eztia lantzen zituzten eta gozogintzako, kandelagintzako eta txokolatezko produktuak egiten. 1902. urtean, bere seme Saturninok lantegia eta denda Dato kaleko 6.era eraman zituen. Hirugarren belaunaldiak ezarri zituen denborarekin etxeko bereizgarri nagusi bilakatu diren berritasunak. José Goya jauna eta Teresa García andrea ezkondu zirenean, Goya eta García gozotegiak batu egin ziren eta denda Dato kaleko 20.ean jarri zuten.
Familiako laugarren belaunaldiak negozioa handitu eta sendotu zuen. Hala, beste lau denda ireki zituen. 1997. urtean, lantegia beste pabilioi batera eraman zuten. Horri esker, ekoizpena modernizatu eta produktu sorta zabaldu zuten. Gaur egun, familiako bosgarren belaunaldiak hartu du enpresaren agintea eta datozen urteetan denda gehiago irekitzeko asmoa dauka.
Enpresak produktu tradizional sorta zabala dauka. Horietako asko etxeko errezeta historikoekin egiten dituzte, adibidez: goieskoak, euskal frutak, pontxeak, San Markoak, hogeita hamar mousse barietate, Gorbeia tarta eta hainbat barietatetako trufak.
3.- Ezaugarriak:
Vasquito eta neskita bonboiak José Goya Mendizabalen garaian sortu zituzten, 1920ko hamarkadaren bukaeran. Hasieran, bi barietate horiek bakarrik egiten zituzten. Ondoren, pixkanaka beste batzuk ere egin zituzten, esaterako: mokadutxoak, kirriak, goieskoak, euskal frutak eta abar, baita Goyako Trufa ezagunak ere. Geroago, Josék bonboi horiek biltzen dituen kaxa ezaguna ere asmatu zuen (nork ez du vasquito eta neskita kaxarik gorde etxean?). Hasieran, neskitak toffezko pastillak ziren, baina duela urte batzuk toffezko bonboi bihurtu zituzten. Gaur egun, beste bederatzi bonboirekin batera saldu ohi dira.
4.- Osagaiak eta prestaketa:
Vasquitoak egiteko, azukrea, kakaoa, hurrak, kakao-gurina, esne-hautsa eta laranja edo almendra zatiak behar dira.
Azukrea, kakaoa, esne-hautsa eta hur ehotua nahasten dira. Masa findu egiten da eta kakao-hautsa kakao-gurinarekin modu likidoan isurtzen da. Ondoren, laranja edo ur zati batzuk eransten zaizkio eta findu egiten da. Azkenik, bonboi forman mozten da.
5.- Ekoizpen eremua:
Goya gozotegia familia-enpresa da, artisau-gozogintzaren sektorekoa eta, gaur egun, bere produktuak merkaturatzeko sei saltoki dauzka, Gasteizen kokatuak. Gainera, ekoizpen zentro bat dauka.