Mapa Gastronomikoa

Zallako tipula morea

Barazki-fruituak — Enkarterri

1.- Izena:

Zallako tipula morea, Zallako tipula gorria.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Zallako baratzeetan, haragi gozo eta urtsua duen tipula barietate bat hazten da, hainbat belaunalditan aukeratua, tokiko sukaldaritzan erabiltzeko; bereziki txerribodan (txerri-hiltzea), Enkarterriko odolki ezagunen funtsezko osagai gisa. Une honetan, jatorrizko lekuan oso ekoizle gutxik hazten dute tipula mota hau, baina bere kualitate gastronomikoek, iraunkortasunak eta tokiko baldintzetara egokitzeko daukan ahalmenak desagertzeko arriskutik salbu utzi dute eta, azken urteetan, salmentara zuzendutako hazkuntza handitzen ari da.

3.- Aintzatespenak:

Slow Food mugimenduaren Zaporearen Kutxa nazioarteko katalogoan jasota dago, eta berriki Baluarte gisa aitortu dute. Izendapen hori bai animalia arraza eta landare barietate autoktonoak, bai ekoizpen teknika zaharrak, produktu bikainak eta horiek egiten diren tokiak babesteko proiektu zehatzei ematen zaie.

Barietate Komertzialen Erregistroan jasota dago (zk.: 19390028)

4.- Ezaugarriak:

Bi urtean behingo landarea da. Hazkuntzako lehenengo urtean, erraboila osatzen da; bigarren urtean, berriz, lilitxa ateratzen da eta ugalketa garaia izaten da. Egun laburretako eta ziklo ertain-berantiarreko tipula barietatea da. Haziak irailean ereiten dira, ilbeheran, eta landareak otsailetik maiatzera bitartean aldatzen dira. Ehundura ertaineko eta belar txarrik gabeko lurretan hazten dira. Uztailetik abuztura bitartean biltzen dira. Hondatu gabe kontserbatu eta garraia daitezke.

Neurri ertaina eta forma konikoa duten erraboilak sortzen ditu, altuera txikikoak, pixka bat zapalak, eta goiko oinarria ez dute oso laua. Tipula helduaren kanpoaldeko geruzak lehortzean kobre kolorea hartzen du, ondorengo tunikak kolore more bizikoak dira eta ondorengoak more are biziagoak. Erraboilak erabat garatuta daudenean, handiak izan ohi dira, 175-200 gramokoak. Gainera, 8-10 cm-ko diametroa eta 5-7 cm-ko altuera izaten dute. Hamabi aleko txirikordetan saldu ohi dira.

Bertako tipula barietatea da. (Allium cepa. 19390028 Zallako gorria, Zallako morea) haragi gozoa, zaporetsua eta urtsua dauka, ez da mina. Odolkiak egiteko erabili izan da, baina gisatuak eta entsaladak egiteko ere oso estimatua da. Slow Food mugimenduak bultzatutako Zaporearen Kutxan sartu zutenetik, goi-mailako sukaldaritza egiten duten jatetxe ospetsuen kartetan barne hartu dute eta oso emaitza onak eman ditu.

5.- Ekoizpen eremua:

Aldakortasun genetiko handia dauka, ingurunera egokitzeari dagokionez eta giroan edo lurzoruan gertatzen diren perturbazioak gainditzeko ahalmen handia. Horregatik, nekazari ekologikoek oso harrera ona egiten diote barietate honi. Zallan bertan, tipula morea ekoizten duten sei ustiategi bakarrik daude.

Bestelako produktuak