Berriak

Sagardoetxea, 15 urte sagardoaren kultura sustatzen

Sagardoetxea Museoa sagardoaren kultura mantendu nahiz sustatzeko lanetan aritu da 2006ko irailean bere ateak ireki zituenetik. Hala, 2021an 15. urteurrena ospatu du eta jarduera ugari antolatu ditu herritarrek sagardoaren kulturaz eta ondareaz goza dezaten.

15 urte sagarraren eta sagardoaren kultura, ondarea eta turismoa sustatzen. Sagardoa ez baita edari soil bat, inguratzen duen historia, kultura eta hizkuntaz ere bada. Eta horren guztiaren inguruan mugitu da azken urteotan Sagardoetxea.

Museoak 15 urte bete ditu, baina Astigarragako herriak 50 urte inguru daramatza sagardoaren kultura zabaltzen. Besteak beste, Sagardo Eguna antolatzen, pieza etnografikoen bilketa egiten, baserri eta tresnen argazkiak egin eta biltzen, Sagardoaren Hitzegirako hitzen bilduma osatzen…

Xabier Urdangarin alkateak, Sagardoetxeak urte hauetan sagardogintzako kultur ondarea mantentzeko egindako lana azpimarratu eta ondare hori datozen belaunaldiei erakusteko Astigarragak herri gisa duen erantzunkizuna azpimarratu ditu urteurrenaren harira.

Urteurrenaren beroan, Gordailua (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) eta Sagardoetxearen arteko elkarlanaren bitartez Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza ikusgai jarri dute Sagardoetxean. Gainera, Sagardoetxeko Dokumentazio Zentroaren erakusketa antolatu da eta bertan katalogatuta dauden funtsak (dokumentuak, hemeroteka, argazkiak, etab.) ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dira. Herritarrek ere izan dute kultur aisialdiaz gozatzeko tartea familientzako bisita gidatu nahiz tailer ezberdinetan parte hartzeko aukerarekin.

Azpimarratzekoa da kulturaren arlotik sagarra eta sagardoaren ondareari eman nahi zaion babesa. Bingen Zupiria Sailburuak, Sagardoetxeak bere Dokumentazio Zentroan nahiz Jaurlaritzako ENSIME aplikazioan gordeta duen ondarea balioan jarri eta “ondarearen zaintzaren ikuspuntutik bidelagun” izaten jarraitzeko asmoa azpimarratu du. Bestalde, Maria Jose Telleria Aldundiko Kultura Zuzendariak, “Sagardoetxean ikusgai dagoen Gordailuak utzitako Ubegi baserriko dolare ardatza denon arteko elkarlanaren ikur bat” izatea nahi duela adierazi du.

Turismo arlotik ere, sagardoaren kultura esperientzia garrantzitsua da Euskadin. Javier Hurtado Sailburuak adierazi duenez, “Sagardotegiko esperientzia erritu bat eta enogastronomia gizarte-jarduera gisa ulertzeko modua da”. Bestalde, Iker Goiria Aldundiko Turismo Zuzendariak adierazi duenaren arabera, “Sagardoarena Gipuzkoako top 10 esperientziatako bat da eta Sagardoetxek esperientzia hau munduratzea garrantzitsua da”.

HAZItik ere lan handia egin da azken urte hauetan bertako sagarra eta sagardoaren alde. Peli Manterola zuzendari orokorrak aipatu zuen moduan, “Azken urteotan gertatutako ekintza garrantzitsuena 2017ko  Jatorri Izendapenaren sorrera izan da eta hori elkarlanaren emaitza izan da”.

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea