Txakolina gaur egun geure herrian eta bertatik kanpo kalitatezko ardo bat bezala aitortua bada ere, ez zen beti horrela izan. Bertako mahats barietateekin egindako ardoak, Euskadiko beste hainbat produktuk bezala, biziraupen eta berreskuratze istorio luzea du atzetik, egun bizi duen egoera arakastatsura eraman duena. Hondarrabi Zuri eta Beltza mahats barietateen uzta hasi dela aitzakia hartuta, historia hori ekarri nahi izan dugu hona gogora.
Nork ez die entzun aiton-amonei edo gurasoei, txakolinak bere garaian eragiten zituen buruko minen istorioak? Beste hainbat tokitako ardoek, eta bertako produktu askok bezala, geure txakolin preziatuak garapen izugarria izan du azkeneko hamarkadatan, eta ikerketa eta hobekuntzari esker kalitatezko produktua izatera iritsi da. Baina egin dezagun atzera begirako txiki bat, gaur egun esku-artean dugun kopa hori betetzen duen edaria hobeto ulertzeko.
Euskadin mahastizaintari buruz ezagutzen diren lehen erreferentzia idatziak IX. mendekoak dira. XII eta XIII. mendeetan lurraldeko leku askotan ohikoa zen txakolinaren ekoizpena, eta XVI. mendean ekoizpena eta merkaturatzea babesten zuten ordenantzak ugaritu ziren.
Garai hartan txakolinaren ekoizpena baserrietara mugatua zegoen eta nork bere burua hornitzera bideratua. Esan ohi denez, hortik datorkio txakolin hitzari bere jatorri etimologikoa: “etxerako lain” esamoldetik datorrela uste baita, etxerako adina alegia.
XIX. mendea amaieran, “txakolinak” bezala ezagutzen ziren tabernak sortu ziren. Giro herrikoieko txokoak ziren, eta bertan txakolina zerbitzatzen zen soilik, bakailao, txipiroi edo angulaz lagunduta. Tarte labur horretan, garai oparoa bizi izan zuen edari honek. Baina gutxi iraun zuen, ahatik.
XX. mendearen hasieran Euskadiko ia mahasti guztiak desagertu ziren. Atzerriko ardoekiko zergak bigundu ziren, lehia handitu zen, eta industrializazioak landa eremuko exodoa ekarri zuen. Filoxera bezalako izurriteek ere lagundu zuten, besteak beste, beherakada honetan.
Joan den mendeko 80. hamarkadan txaikolina ia-ia desagertua zen, eta herri txikietan bakarrik mantendu zen egin eta edateko ohitura. Mahastiak oso sakabanatuak zeuden, eta kanpoko mahats-barietateak ere landatzen hasi ziren, txakolina ekoizteko egokienak izan ez arren oso emankorrak zirelako.
Nagusiki Frantziatik ekarritako kalitate baxuko mahastiak landatu ziren, hala nola folle blance eta beste hibrido batzuk, baita American 9 deiturikoak ere. Hondarrabi Zuri eta Beltza barietate autoktonoak pixkanaka galtzen joan ziren. Bizkaia eta Gipuzkoan landaketak 21 hektareataraino murriztu ziren, eta Araban txakolin mahastiak kasik desagertu egin ziren.
Joan den mendeko 80ko hamarkadaren amaieran, mahastizain txikiak indarrak batzen hasi ziren bertako Hondarrabi Zubi eta Hondarrabi Beltza mahats barietateen laborantza berreskuratzeko eta sektorea suspertzeko.
Azken hamarkadetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Jatorri Deituren babesean egindako lanaren ondorioz, txakolina oso ezaguna egin da, baita nazioartean ere, bere izaera berezi eta freskotasunagatik. Eta horren guztiaren oinarria tradizioaren, ikerketaren, kualifikazioaren eta berrikuntzaren arteko oreka izan da eta izaten jarraitzen du.