Proiektuak

Pertsonak

Pertsonetara itzuli

José Ignacio Jauregui Garro

Abeltzaina, ekoizlea eta sukaldaria

Lekunberri, 1967

‘Maskarada’ zerri-abeltzain etxaldea kudeatzen du Lekunberrin, Nafarroan. Bertan, desagertzear zen bertako arraza bat berreskuratu du. Kalitate handiko ‘gourmet’ produktua egiten du, etengabe ikertzen eta bilatzen ari baita nafarra. Bezero ditu herritar xeheak zein profesionalak, ekoizpenaren eta dendaren nahiz jatetxearen inguruko arreta balioesten duten horiek, hain justu.  


‘Michelin’ izar berdea dauka Jauregik, eta atzera jota, hastapenak gogoan ditu oso: “Gurasoekin ‘Ainhoa’ tabernan hasi nintzen”. Haiekin lan egiten hasi zen, hain zuzen ere. Hala, aitak urtean sei txerri zuri hiltzen zituen: “Mundu hori betidanik ezagutu izan dut, eta gero jakin nuen aitonarengandik zetorrela”, dio nafarrak.


Pixkanaka, merkatua eta urde-mundua hobeto ezagutu zituen. Horrela jaoio zen ‘Maskarada’ enpresa. Lehen urratsak hala eman zituen: dozena bat zerri zituela, sei ordots eta sei ahardi, hain justu. Denboraren poderioz etxaldea nabarmen handitu zen, baina ez zegoen zerri horiek sortu eta erosten zituen inor, “eta erosten hasi nintzen Nafarroako Gobernuaren ITGk (nekazaritza eta abeltzaintzako institutu tekniko eta kudeaketarena) laguntza emateari utzi zionean”, azpimarratu du Jauregik, negozioaren lehen urteak gogora ekarrita.


Apustuak arrakasta izan zuen hiltzen ari ziren zerrikumeen haragia probatu zutenean. Denbora pasa ahala bezero gehiago eskuratu zituen, eta produktua jatetxe handietan zerbitzatzen hasi ziren: “Asko markatu gintuen ostalari ezagun batek. Izan ere, gure urdaiazpikoa eskaintzeko, iberikoa alde batera utzi zuen”. Abeltzainak dio hura mugarri handia izan zela. Hala ere, bidean gorabehera batzuk izan zituen: “2008an konturatu ginen diru-kontuak ez zihoazela ondo, txerri horien funtzioa ez zihoalako bat hasieran egin genuen inbertsioarekin”.


Trabak gainditu eta egun ‘Maskarada’ enpresak erronka berriak ditu: “Ekoizpena igo nahi dugu, produktua gehiago ezagutarazi eta erabiltzen saiatu hainbeste baloratzen ez direnekin, jendea ez baita ausartzen”.