Berriak

Euskal sukaldaritzako tatuajeen antologia

Sukaldaritza bokazioak eta pasioak markatutako lanbidea da, nahiz eta, zalantzarik gabe, sakrifiziorik ez den falta. Horren lekuko dira euskal sukaldarien larrua apaintzen duten tatuajeak. Sardexkak, kazolak, itsaskiak eta arrainak, baita gilda formako pintxoak edota kanibal estiloan sutan egosten diren sukaldariak ere. Gastronomiarekiko grina profesional askoren gorputzean islatuta geratu da, agian pasioaren eta sakrifizioren arteko konbinazioaren metafora gisa. Artikulu honetan giza mihiseetan egindako lan horietako batzuk jaso ditugu, euskal sukaldaritzako tatuajeen antologia gisa. Oraingoz gutxi batzuk doaz, espero dugu zerrenda eguneratzen joatea.

JULEN BAZ (GARENA JATETXEA)

Etorkizun handiko euskal sukaldari gazteetako bat, Diman (Bizkaia) dagoen Garena jatetxekoa. Besoetan estilo nahasketa diren askotariko motiboak ditu burezur mexikarrak txisteradun zefalopodoak eta oraintsu egindako Michelin Izarraren ikurra, bere jatetxea horrekin nabarmendu baitute. Hatz koskorretan kartzelako eta kaleko bandetako ohiko tatuajea irudikatzen duen hitz du, baina hizkien ordena aldatuta: OIDO (entzun) dio, ODIO (gorrotoa) beharrean. ¡Oído cocina!

NAGORE IRAZUEGI (ARIMA BASQUE GASTRONOMY)

Nagore Irazuegi Madrilen euskal sukaldaritzak dituen enbaxadoreetako bat da, Arima jatetxearen buru, Rodrigo García bikotekidearekin batera. Hara eraman dute gure gastronomiaren bertsio lotsagabeena. Kondairak dioenez, eta berriro diogu kondaira dela, arrain onena Madrilen dago. Bisiguak, lupiak, urraburuak… Bada: ez dakigu egiatik zenbat duen, baina badakigu Nagorek besaurrean lorez apaindutako pieza eder bat duela eta ziur Ariman arrain plater bikainak jaten direla.

DANI LÓPEZ (KOKOTXA JATETXEA)

Dani López Kokotxa jatetxearen buru da, Campanario kalean, Portu kalea zerutik zeharkatzen duen Donostiako txoko ezkutu samar batean. Batzuetan afari zerbitzua amaitzean, taldea topa dezakezu Nautikoaren pasabidean itsasoan sartu-irtena egiten. Batez ere udan, noski, Kantauri itsasoaz ari baikara. Danik zenbait tatuaje ditu besoetan. Lapiko bat astintzeko beharrean noizean behin ohol baten gainean arraunean egiteko erabiltzen dituen beso horietan.

SERGIO ORTIZ DE ZARATE (ZARATE JATETXEA)

Bizkaitar saltsari tomatea botatzera ausartzen den edonor akabatzeko gai da. Metaforikoki behintzat, Mahaia Kolektiboaren afarietako batean Mantalari aitortu zionez, bere alter egoaren pasarteetako bat baita laster argitaratuko den errezeta komikian. Batean, arrain-hezurra (hizpide ditugun tatuajeetan behin eta berriz agertzen den motiboa), eta bestean, Gabriel Arestiren poeman baten zatia, “Nire aitaren etxea defendituko dut” dioena. Eta gehituko nuke, “Bizkaitar saltsari tomatea botatzen duena hilko dut”.

XABIER DÍEZ (XARMA COOK AND CULTURE)

Sukaldean leporaino sartuta egoteaz gain, bekainak ere tatuatu ditu. Hitzez hitz, lepoa eta bekainak. Xabier Diez, Aizpea Oihanederrekin batera, Xarma Cook & Culture proiektuaren buru da. Lorea inguruan txingarra piztu zuen eta orain Gros auzoan bere ilargiratze gastronomikoa eskaintzen du. Piper bete bat tatua zezakeen (bere plater izarretako bat), baina, egia esan, gorputzean tatuaje tribalak, hainbat sinbolo eta inskripzioren bat du.

EDORTA LAMO (ARREA!)

Edorta Lamo hezur-haragizko arte galeria bat da. Tatuaje estiloei dagokienez, lagin eklektikoa. Bere burua Gildaren fededun izendatzen du, erlijioa balitz bezala, eta eskuineko bizepsean tatuatua darama. Euskal gastronomiaren pintxo ikonikoa. Ezkerrean, Jerome Chef Mc Elroy agertzen da, South Park animazio telesail lotsagabeko sukaldaria. Sardexkak, goilarak eta isileko bat, Arrea! Jatete berritik isilka paseatzen dena! Ez da falta basurdea, bere proiektuaren ikonoa; barre algaraka ari dena, agian, ez duelako besaurrea partekatzen eskuineko besoko ehiztariarekin.

PAUL ARRILLAGA (ZAZPI SAN TELMO)

Bibotetxo bat du Roberto Ruiz Hikako lankideak Fredy Mercury ezizena jartzea ekarri diona. Paul Arrillaga, azken urteotako sukaldari oparoenetako da Donostian. San Telmo Museo berriaren eraikinean dago orain, Urgull mendipean, Zazpi jatetxeak Zuloaga plazara gosez edo, besterik gabe, jateko gogoz bertaratzen den oro gozarazten du. Besaurrean, kanibalen gisa, chef batek bere burua prestatzen du. Agian norberaren bokaziotik ihes egitea zein zaila den adierazten duen metafora bat da.

JAVIER VADILLO (KROMATIKO JATETXEA)

Cadiztarra, begi bat Barbaten eta bestea Getarian, Gasteizen bizi da. Kromatiko: bere azalaren deskribapena izan liteke, baina Javier Vadillok beste hiru bazkiderekin batera zabaldu zuen jatetxea da, 2020ko uztailean, pandemia betean. Aizto baten tatuajeak besaurreko azala zeharkatzen diola dirudi. Berriz ere, agian, lanbideak irudikatzen duen sukaldaritzako sadomasokismoaren sinboloa, are gehiago gaur egun. Krustazeoek, moluskuek, eta beste itsas izaki batzuek osatzen dituzte bere tatuajeak. Cevicheak eta tartarrak egiteko erabiltzen dituen zomorro berberak

MAITE, NORA, DANI ETA DIDAC (LA GRESCA TABERNA)

La Grescako taldekideen bihotzek ez dute odolik ponpatzen. Saltsaz beteta daude. Tinta botatzen duten txipiroiak bezalakoak dira. Bi iruindarrek (Maite Casimiro eta Nora López), santandertar batek (Daniel Chamorro) eta bartzelonar batek (Didac Canudas) 2022an Donostiako La Gresca taberna irekitzea erabaki zuten. Maitasun istorio horretan, Basque Culinary Centerrek Kupido lanak egin zituen beste behin ere. Euren bandera produktuarekiko eta sasoiarekiko errespetua da. Logoa bihotz bat da, botilak, arrain-isatsak, orburuak, sardexkak eta garroak dituena. Besoetan tatuatuta daramatena. Denek, batek izan ezik, ukondotik gertu ganba bat nahikoa zela erabaki baitzuen.

Testua eta argazkiak: Haritz Rodriguez

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Jantokia