Mapa Gastronomikoa

Berdela

Arrantza — Gipuzkoa

1.- Izena:

Berdela / Scomber scombrus.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Gure uretan berdelak agertzen direnean, udaberriaren hasiera adierazten digute. Migratzaileak izateak eta talde handiak sortzeko ohiturak arrantzatzea errazten dute. Beraz, greziarrek eta erromatarrek jada arrantzatzen zituzten. Hala ere, Euskal Herrian apenas izan zen berdela arrantzatzeko ohiturarik, kostaldeko herrietan sukaldaritzarako estimu txikia ziotelako eta gure arrantzaleak urteko sasoi honetan etekin handiagoa ematen zuten lanetan aritzen zirelako, adibidez: bisigua edo legatza arrantzatzen. Neguan berriz agertzen zen berdela, nahiz eta kopuru txikiagotan izan, eta gehienak orduan arrantzatzen zituzten. Ale horiek kontserbetarako, beste arrain batzuk arrantzatzeko beita gisa, edota soroetan ongarri gisa botatzeko erabiltzen zituzten.

Lehen ohikoak ziren beste espezie batzuk urritu izanak (eta prezioak) joera hori irauli dute. Hala, lehen gutxiesten ziren arrain batzuk, berdela kasu, protagonismoa hartzen hasi dira. Kontsumoaren hazkunde handiak gure artisau ontzidiaren arrantza-aldiaren ohiko zikloa aldatzea ere eragin du. Gaur egun, beren kanpaina nagusietako bat da eta gure arrantzaleentzako diru-sarrera iturri garrantzitsua.

Egoera berri honi esker, euskal herritarrok kalitate eta zapore handiko arrain bat deskubritu dugu, arrazoizko prezioa daukana, gainera. Mutrikun apirileko lehenengo larunbatean egiten duten Berdel Egunari eta beste ekimen batzuei esker, arrain honek sukalderako eskaintzen dizkigun aukerak jai giroan ezagutzeko parada daukagu.

3.- Ezaugarriak:

Arrain akantopterigioa da, eskonbridoen familiakoa (Scomber scombrus), arrain urdinen adierazle leiala, giharretan duen koipe kopuru handiagatik. Taldekoia da, igerilari azkarra, bere gorputz hidrodinamikoari esker, eta migratzailea. Gorputz sendoa, luzea eta biribila dauka, ezkata oso txikiz estalia, mutur puntaduna eta pedunkulu kaudal mehea. Bizkarraldea urdin berdexka distiratsua da eta tigre itxurako zeharkako lerro sorta bat dauka. Buruaren goialdea urdin-beltzaxka da, alboak metal kolorekoak eta sabela zuria, orbanik gabekoa. Oso jatuna da, arrain txiki askoz elikatzen da, adibidez: sardinez eta antxoez. Kantauri Itsasoan, batez beste 20 cm-koak arrantzatu ohi dira.

Merkatuetan berdela gutxi asko urte osoan dagoen arren, otsailetik maiatzera bitarteko hilabeteetan izaten dira egoera onenean (Kantauriko arrantza-aldian). Arrain arrunta da, prezio nahiko arrazoizkoa dauka eta sukaldean pieza freskoaren zati handiena erabil daiteke.

Berdela arrain urdinen artean elikadura interes handiena daukanetako bat izango da, segur aski, bere osaketa dela eta: energia balio handiko koipea dauka, baita Omega 3 ere (gehien daukanetako bat). Hala, edozer dietatarako gomendagarria da. Fresko eta osorik jan ohi da, baina saltokietan gero eta gehiago zabaltzen ari da hezurrik gabeko xerra garbitan saltzea. Halaber, industria eraldatzailean ere asko erabiltzen da, kontserbak egiteko, hainbat osagarriz lagunduta (olio begetala, oliba olioa, eskabetxea, tomatea eta abar). Azkenaldian, ketua eta erdikontserban ere saltzen dute.

Euskal Herrian sukaldaritzaren ikuspegitik oso preziatua izan ez den arren, berdela labean edo txingarretan erreta oso goxoa, haragi hauskor eta finarengatik. Gainera, ondo koipeztatuta dagoenean (udaberri-uda hasiera) oso zaporetsua da.

4.- Harrapaketa eremua:

Berdela Atlantikoaren iparraldean kokatuta dago, bai ekialdean (Itsaso Baltikoa, Mediterraneoa eta Beltza barne), bai mendebaldean (AEBak eta Kanada). Arrain pelagikoa da eta beti sakonera ertaineko uretan bizi da, 250 bat metroko sakoneran. Gainazalera maiz ateratzen da, beste arrain batzuk harrapatzera. Neguan, gune sakonagoetara joaten dira eta hondotik gertu egoten dira. Udaberrian eta udan, berriz, itsasoz haraindiko migrazio luzeak egiten dituzte, geruza azalekoenetan talde handiak osatuz, eta hortxe arrantzatzen dituzte. Arrisku egoeretan, oso azkar eta sakon urpera daitezke. Batzuetan, sardinzarrekin eta sardinekin batera nahastuta agertzen dira.

Udaberrian gure kostaldeetako ohiko bisitaria da. Kantauriko uretan martxotik maiatzera bitartean agertzen da eta orduantxe arrantzatzen da. Hilabete horietan, espezie horretako harrapaketaren % 80-90 egiten dute. Baxurako arrantza-ontziek harrapatzen dituzte nagusiki, antxoa harrapatzeko zain dauden bitartean. Horretarako, mota askotako tresnak erabiltzen dituzte: kostaldeko mailasareak, ingurasareak eta tretzak, besteak beste.


E R R E Z E T A

BERDEL-MARMITAKOA

Lau pertsonentzako osagaiak

2 berdel, 450 gr patata, 100 gr tipul,

6 gr baratxuri, 12 gr piper txorizero (haragia),

100 gr piper berde,100 ml ardo zuri, kayena piper 1,

perrexila, gatza, piperbeltza eta oliba-olioa.

Osagarriak:

Bakoitzaren gustu eta irudimenari.

Elaborazioa

  • Berdelak garbitu, trontzoak atera eta buruak eta isatsak gorde.
  • Perrexila txikitu.
  • Buruak eta isatsak kazola batean gorritu, ondoren, ardo zuria gehitu.
  • Ardoa murrizten utzi eta urez estali. 
  • Ura irakite-puntura eraman sua jaitsi eta 12 minutuz sukaldatzen utzi. 
  • Aparra kendu, irabiatu eta salda gorde. 
  • Berdel trontzoak dadotxoetan moztu. 
  • Tipula, piperra eta baratxuria brunoise eran moztu. 
  • Barazkiak kazola batean bigundu. 
  • Tomatea zuritu, moztu eta kazolara gehitu, kayena-piperrarekin batera. 
  • Patata zuritu, dadotxoetan moztu eta kazolara gehitu. 
  •  Piper txorizeroaren haragia eta lehen egindako salda kazolaratu eta 20 minutuz su ertainean sukaldatzen utzi.
  • Kayena kazolatik atera eta berdel zatiak gehitu. 
  • Irakite puntura heltzean sutatik kendu. 
  • Zerbitzatu.

Bestelako produktuak