Mapa Gastronomikoa

Espetxeko bonboiak

Gozogintza — Arabako Lautada

1.- Izena:

Espetxeko likoreak, espetxeko bonboiak.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Gerra Zibila bukatzean, Gasteizko familia errepublikano askok senide espetxeratuak zituzten. Presoei alkohola eramatea erabat galarazita zegoen, baina Alberdi gozogileak bonboi formako likore-ontzi polit batzuk asmatu zituen, guardien zaintza saihesteko.

Geroago «espetxeko» izena izan zuten bonboi horiek oso ezagun egin ziren eta urte askoan Alberdi gozotegiko (San Prudentzio 27) espezialitate ospetsuenetakoa izan ziren. Itzal handiko etxe hori 1875. urtean sortu eta 2000.ean itxi zuten eta aipatutako gozo historikoa berarekin batera desagertu zen.

3.- Ezaugarriak:

Likorez betetako bonboiak dira.

4.- Osagaiak eta prestaketa:

Espetxeko bonboiak egiteko, kakao-gurin asko duten txokolatezko kapsulak behar dira. Horrez gain, almibar betegarria eta likorea norbere neurrira (pattarra, rona, patxarana, koñaka, bénédictinea, cointreaua…).

Bonboiak egiteko prozesua luzea da eta kontu handiz egin beharrekoa. Gainera, molde bereziak behar dira. Txokolatea berotu eta kakao-gurinarekin nahasten da eta, almibarra, glukosarekin. Erabat jariakor eta ondo nahastuta dagoenean, moldeetan isurtzen da. Hozten eta pixka bat lehortzen uzten da. Hortik ateratzen diren txokolatezko kapsulak norberak aukeratutako likoreaz betetzen dira, xiringa baten bidez. Bonboia txokolatezko oinarri batez estaltzen da, xafla txiki bat erabiliz.

5.- Ekoizpen eremua:

Itxita dagoen Gasteizko Alberdi gozotegiko espezialitate tradizionala zen. Gaur egun, hirian ez dago bonboi horiek egiten dituen gozogintza lantegirik.

6.- Argibide gehiago:

Iturria:

  • Historia de la confitería y repostería vasca. José María Gorrotxategi Pikasarri. Sendoa argitaletxea. 1987.
  • Alberdi gozogintza lantegiko langile talde bat. 1969. ARQUÉ. ARQ 3187.02(5). Zelulosa triazetatoa. 2,4×3,6 cm.

Bestelako produktuak