1.- Izena:
Markinako kokoteak.
2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:
Markina-Xemeingo herrigunean, Larrearen ondoan, kokatutako Tate gozotegia familia negozioa da eta hirugarren belaunaldiaren ardurapean dago. Bernardo Aretxabaletak, gaur egungo jabeen aitonak, sortu zuenean (1936), kandelak, txokolatea eta kokoteak egiten zituen elikagai denda zen. Pastel enblematiko hau ez da etxe horrek sortutakoa, herriko gozoki ospetsu bat baizik, eta idatzizko lehenengo erreferentziak 1883koak dira. Duela urte asko, Markina-Xemeinen bost gozotegi izatera iritsi ziren eta guztietan egiten zituzten kokoteak. Tate da gaur egunera arte tradizio honi eutsi dion bakarra. Hala, bere izena eta Markina-Xemeinena gozogintzari buruzko gidaliburu garrantzitsuenen orrietara eraman ditu.
Saltoki horretako produktuen sorta aparta da: te pastak, teilak, etxean egindako izozkiak eta abar. Tate familiak leku askotara bidaltzen dituen produktu berriak sortzen eta denbora igaro ahala berritzen jarraitzen du, baina kokote ospetsuek etxearen ikur izaten jarraitzen dute.
3.- Aintzatespenak:
2008an, Tate gozotegiak euskal gozotegi onenari Jose María Busca Isusi saria irabazi zuen. Eusko Jaurlaritzak ematen du saria, Euskal Gastronomi Akademiak proposatuta.
4.- Ezaugarriak:
Kokoteak bizkotxo laukiluze finak dira eta azukrez eta arrautzaren zuringoz egindako estaldura daukate, San Blas bizkotxo edo erroskillen antzera. Egin aurreko egunean, orea prestatu behar da eta 24 orduz pausatzen utzi, labean sartu aurretik.
5.- Osagaiak:
Esnea, irina, arrautzak, azukrea, anis esentzia eta Bernardok ezagutzen duen sekreturen bat.
6.- Ekoizpen eremua:
Tate gozotegiak (Markina-Xemein) egiten duen espezialitate tradizionala.
7.- Gaur egungo ekoizpena:
Astean bitan egiten dituzten kokoteak. Gozotegi horretan bertan eta Lekeitioko eta Durangoko beste bitan bakarrik saltzen dituzte.
8.- Argibide gehiago:
- Tate gozotegia. Abesua kalea 3. (Markina-Xemein).