Berriak

9.400 euro balio dituen gazta zatia

9.400 euroren truke saldu da aurten Ordiziako gazta txapelketaren 48. edizioan irabazle suertatu den piezaren erdia, iaz baino 200 € gehiago. Eneko Goiburu izan da aurtengo irabazlea, txapelketa honetan hainbat aldiz irabazle suertatu den Segurako Ondarre gaztandegikoa.

Zoratuta daude gaztazale hauek, pentsatuko du norbaitek. Baina ez. Bistakoa denez, Ordiziako txapelketan irabazle suertatu den gazta erosteak berebiziko zabalpena ematen dio erosleari. Zaragozako El Cisne hoteleko Javier Garciak eraman du enkantean gazta irabazlearen erdia. Esan dezagun lau haizetara beraz, hori baita helburua.

Euskal Jairik ez da ospatu aurten Ordizian. Ez dago esan beharrik zergatik. Baina gazta lehiaketa entzutetsuari eta enkanteari eutsi diote, garai batean egun honetan izaten zen festaren gatzuna gogoratzeko edo. Iaz egunez aldatu zuten txapelketa, jende pilaketak ekiditeko. Aurten aldiz betiko egunera itzuli da, baina leku itxi batean eta publiko gabe. Normaltasun berria, edo.

Halakorik egiteko gaitasunik balute, zer pentsatuko lukete Karrantzako edo Latxa ardiek beren esnearekin egindako gazta batek halako ikusmina pizten duela jakingo balute? Eta ia 10.000 euro ordaintzen direla esango bagenie? Tira, gutxienez enkantean lortutako diru hori Lagunkiro tokiko elkarteari eman zaio ekarpen gisa, beren eguneroko lanean gogotsu jarrai dezaten.

Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburu izan bada irabazle, Ordizia bertako Joseba Insaustik eraman du bigarren saria eta Mutrikuko Beñat Egañak hirugarrena.  Ondarrek 1.720 puntu eskuratu ditu. 2014an ere irabazi zuen lehiaketa hau, eta 2020an Legazpin ospatu zen Gipuzkoako artzainen gazta txapelketako garaile ere izan zen. Bigarren egin duen Joseba Insausti ordiziarrak 1.706 puntu lortu ditu, estu-estu. Eta hirugarrenak, Beñat Egaña mutrikuarrak, 1.688.

Gazta irabazlea 14 finalistaren artean aukeratu du epaimahaiak. Aurten ezin izan du bertan izan Pedro Subijanak eta bere ordez Ander Gonzalez sukaldari donostiarrak parte hartu du. Finalisten artean zazpi gipuzkoarrak izan dira, lau nafarrak eta hiru arabarrak.

2020an bezala, normalean jende artean egiten den lehiaketa ateak itxita izan da, pandemiarengatik. Beti Alai pilotalekuko ekitaldian artzain, epaile, agintari, gonbidatu eta kazetariak soilik bildu dira.

Idiazabal Jatorri Izendapenak 125 gaztandegi hartzen ditu bere baitan gaur egun: 21 Araban, 14 Bizkaian, 57 Gipuzkoan eta 33 Nafarroan. Joan den urtean 1.375.491 kilo gazta ekoitzi ziren eta aurten %5 gutxiago egitea espero da.

Publikazio berriak

Laborategia
Sukaldea mahaia kolektiboa
Sukaldea
Sukaldea