Izokin atlantikoa, Ibaietako printzea, arrain espezie estimatuenetako bat da. Itsasoan nabigatu eta sorlekuko ibaira itzultzen da, usaimenak gidatuta. Aurrez arrantzatzen ez badute, noski. Gaur egun, gure uretan gutxi badaude ere, arrain oso ohiko eta ugaria izan da. Pentsa, Ekaingo kobazuloko hormetan Paleolitoko gure arbasoek irudikatu egin zuten ehizako piezen artean.
Garaiko dokumentuetan jasota dagoenez, XVII. mendean 1.500 ale arrantzatzen zituzten Bidasoan, baita sareak erabilita ere. Euskal ibaietan espezie oso arrunta izan zen. Ibaietatik gertu zeunden burdinoletako langileek XIX. mendean beren lan hitzarmenetan zehaztuta zuten izokina astean behin bakarrik jango zutela, jaki nagusia izateaz aspertuta. Azken mende erdian, ordea, euskal ibaietako izokin populazioak atzera egin zuen nabarmen, industrializazioaren ondorioz, batez ere.
Hego Euskal Herrian hamar izokin ibai historiko daude: Nerbioi, Oka, Lea, Deba, Urola, Oiartzun, Oria, Urumea eta Bidasoa. Kantauri aldeko arro guztietatik desagertu zen Bidasoatik izan ezik. Horretatik ere desagertzeko zorian egon zen, baina premiazko neurriak hartu zituzten. 1980ko hamarkadan, Nafarroako Gobernuak haren arrantza mugatu zuen eta berreskuratzeko ahaleginari ekin zion, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du horrekin azken urteetan, eta era berean, Oria, Oiartzun eta Urumea ibaietan kumeak askatu ditu.
Nafarroa eta Gipuzkoa zeharkatzen dituen ibaian maiatzarekin batera hasten da izokinaren arrantza denboraldia. Aurten 51. alea harrapatu arte luzatuko da arrantza garaia, eta kopuru horretara iristen ez badira, uztailaren 31n. Zenbait muga zehaztuta daude, bai arrantzarako bai hartutako piezen salmentarako ere.
2000. urtetik “Lehenbizikoa” atera ohi dute eta jatetxe ezagunen baten sukaldean amaitu ohi dena, arrantzaleak uretara bueltatzea erabakitzen ez badu. Lehen ale hori erosteko jatetxeek eskaintzak egiten dituzte, izokin freskoa, basatia, luxuzko pieza baita sukaldarientzat. Aurten Donostiako Rekondo jatetxeak eskuratu zuen 1.600€ ordainduta, baina 1.800€-ra heldu zen urteren batean.
Euskal Herrian jaten den izokinaren gehien-gehiena Norvegiatik ekarria da. Bertako izokinaren eskasia gero eta handiagoa denez, merkatuan prezio oso altua du. Piezak, ordea, ez dira aurreko mendeetakoak bezalakoak kopuru, neurri eta pisuari dagokionean, 1906an 19 kiloko bat arrantzatu zuten. Azken urteetako Lehenbizikoak 8 kiloren bueltan zeuden.
Izokinak ibaitik itsasora joan ondoren bueltan etortzeko gaitasunagatik ezagunak dira. Milaka kilometro egin eta Groenlandia hegoaldean, Feroe Uharteetan, Labrador penintsula inguruan edo Norvegiako kosta parean bizpahiru urte igaro ondoren, etxera bueltatzen dira. Udazkenean ibaian gora egiten ikus daitezke, sorlekura bueltan. Beren haragiak daukan koipeari esker, urtebete inguru eman dezakete elikatu gabe, korrontearen aurka borrokatzen eta erruteko tokiraino aurrera egiten ahalegintzen. Errunaldia azaroaren eta abenduaren artean izaten da, arrautzei oxigeno nahikoa eman, baina lekuz aldatzen ez dituen korronte eremu batean. Egun batzuk irauten dituen ugalketa prozesua amaituta, izokina ibaian behera arrastaka doa, eta kasu gehienetan itsasora iritsi baino lehen hiltzen da.
Errunaldi garaian arrantzatzen da, hain zuzen, espezie estimatu hau. Garai onena otsailaren eta apiril bukaeraren artekoa da, nahiz eta esaera zaharrak dioen urtarrilean izokina erregeen jakia dela. Egosita jaten da, maionesaz, ozpin-olioz edo saltsa tartariarrez lagunduta, baita limoian marinatuta eta gero parrillan erreta.