Mapa Gastronomikoa

Goierri tarta

Gozogintza — Goierri

1.- Izena:

Goierriko tarta.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Unanue gozotegia Antonio aitonak sortu zuen, 1934an. Antoniok Donostiako goi-mailako sukaldari europarren Belle Epoque garaian ikasi zuen lanbidea. Sukaldari horiek 20ko hamarkadan joaten ziren hirira, Europa osoko nobleen laguntzaile gisa. Cristina amonarekin batera, beren kasa lan egiten hasi ziren; lehenengo, La Confianza izena zuen gozotegi batean, Ordiziako Santa Maria kalean, Martínez tabernaren ondoan, eta, gero, gaur egungo gozotegia ireki zuten, familiaren abizenarekin, Kale Nagusian. Semeek ere ikasi zuten lanbidea eta, gaur egun, Jose Mari Unanuek, familiako hirugarren belaunaldikoak, Gipuzkoako Goierri osoarentzat erreferentziazkoa den gozotegi ospetsu horren arduradun jarraitzen du.

Unanuera bezero asko joaten dira, bertako gozoki goxo-goxoen bila. Gozoki horietako batzuek duela zenbait hamarkadatik izan dute arrakasta, adibidez: bonba, hostopil, merlitoi, pastel errusiar, tximista, bizkotxo busti eta Bergarako opil-beteek. Guztiak ere Antonio aitonaren errezeta berberekin egiten dituzte. Gozozale askok errezeta ez aldatzeko erregutzen diete. Hala ere, Unanueko kideak etengabe formula berrien bila aritzen dira eta hainbat osagairekin esperimentuak egiten dituzte, bezeroak artisau-gozoki berritzaileekin harritu nahian. Horren adibideetako bat Goierriko tarta da, Idiazabal gaztari, eskualde horretako ikurretako bati, omenaldia egiteko asmoz sortua.

3.- Ezauarriak:

Idiazabal gaztaz egindako tarta hori Unanuek Idiazabal jatorrizko deiturari egindako aitortza berezia da. Tarta egiteko, ezaugarri ezberdinak dituzten zenbait Idiazabal gazta nahasten dituzte. Dastatzean zapore gozoa nabaritzea, baina aldi berean Idiazabal gazta gogoraraztea da asmoa.

4.- Osagaiak:

Betegarria: 100 g Idiazabal gazta, 100 g gazta krematsu, 75 g azukre, 30 g almidoi, 4 arrautza, 100 ml esne eta 100 ml esnegain.

Oinarria: 500 g irin, 250 g gurin, 4 arrautza, gatz pixka bat eta limoi pixka bat.

Prestaketa: oinarria egiteko, irina, gurina eta arrautzak nahasten dira, gatz eta limoi pixka batekin, eta molde bat estaltzen da. Betegarria moldean isurtzen da eta labean 200 ºC inguruko tenperaturan egosten da, gutxi gorabehera 40 minutuz.

5.- Ekoizpen eremua:

Unanue gozotegiak egiten duen berezitasun tradizionala. Enkarguz saltzen dute, beren hiru dendetan (bi Ordizian daude eta bat Beasainen), baita beren produktuak banatzen dituzten Goierriko beste gozotegi batzuetan ere.

6.- Argibide gehiago:

Iturria:

Bestelako produktuak