Mapa Gastronomikoa

San Blas opila

Gozogintza — Debabarrena

1.- Izena:

San Blas opila.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Tradizioaren arabera, Sebasteko Blas santu bihurtu zen, pertsonak zein animaliak sendatzeko zeukan dohain miragarriagatik. Eztarrian arrain hezur bat trabatuta itolarrian zegoen ume bati bizitza salbatu zion. Haren aldeko gurtza laster zabaldu zen eliza osoan. Euskal Herri osoan, San Blasi laguntza eskatzeko ohitura dago, eztarriko minak kentzeko; batez ere, santu horren omenezko egunean, otsailaren 3an. Zenbait elikagai, goxoki eta soka ezagunak ere bedeinkatzen dira, dagokion tokiko ohituraren arabera.

Eibar da jai hori ospatzeko ohitura sustraituena eta luzeena daukan herrietako bat eta San Blas opilen tradizioari eutsi dio. Eibar osoak anis usaina izaten du egun horretan. Santuaren egunean, opilak etxeetan prestatu eta elizara eramaten dituzte, zapi batez estalita, bedeinkatzera.

3.- Ezaugarriak:

Anisez usaingozotutako opil edo pasta da, azukre-orez edo bainu zuri batez estalia, eta gainean santuaren izena jartzen zaio. Herrien eta etxeen arabera aldaera asko dauzkan arren, oro har, bi San Blas opil mota daudela esan dezakegu: bizkotxo samurra daukatenak eta ore gogorrago eta trinkoagoa daukatenak.

4.- Osagaiak eta prestaketa:

Ondoko osagaiak behar dira: 1 kg irin, 500 g azukre, 200 g gurin edo gantz, dozena erdi arrautza, 25 g legamia eta anis esentzia.

Oratutakoan, mahaiaren gainean zabaldu behar da, arrabol batekin eta nahi dugun tamainako piezak moztu.

Opila estaliko duen bainu zuria prestatzeko, litro erdi zuringo irabiatu eta 1.500 g azukre erantsi behar zaizkio, bola puntuan. Piezak, labean egosi ondoren, azukre-ore horrekin estali behar dira.

5.- Ekoizpen eremua:

Eibarren, opilak egitea etxeko kontua da, neurri handi batean. Errezeta alabek amengandik oinordetzan hartzen dute eta oraindik ere etxe askotan egiten dituzte.

Gaur egun, Gipuzkoako eta Bizkaiko Durangaldeko gozotegi askotan egiten dituzten San Blas opilak, baina tradizio hori berriagoa da; izan ere, duela hamarkada batzuk arte Eibarren eta Debabarreneko herrietan bakarrik egiten zituzten. Produktu hori goraldian dagoela ere esan dezakegu. Orain, San Blas bezperetan bakarrik ez, hainbat hilabetetan egiten dute.

6.- Argibide gehiago:

Iturria:

  • Historia de la confitería y repostería vasca, José María Gorrotxategi Pikasarri. Sendoa arg., 1987.

Bestelako produktuak