Mapa Gastronomikoa

Malba zuri gozokiak

Gozogintza — Bilbo Handia

1.- Izena:

Malba zuri gozokiak.

2.- Antzinatasuna, tradizioa, eskarmentua:

Tradizioaren arabera, Sebasteko Blas santu bihurtu zen, pertsonak zein animaliak sendatzeko zeukan dohain miragarriagatik. Eztarrian arrain hezur bat trabatuta itolarrian zegoen ume bati bizitza salbatu zion. Haren aldeko gurtza laster zabaldu zen eliza osoan. Euskal Herrian, eztarriko minak kentzeko laguntza eskatu ohi zaio, batez ere haren aldeko festa egunean, otsailaren 3an, malba zuri gozokiak eta San Blas lokarriak bedeinkatuz.

San Blas egunean kolore askotako kotoizko lokarriak saltzen dituzte. Lokarriak, bedeinkatu ondoren, lepoan daramanari katarrorik ez duela izango bermatzen diote. Lokarria bederatzi egun geroago erre behar da (edo hausterre-egunean, toki bakoitzeko ohituraren arabera). Bedeinkapenaren bidez, malba zuri gozokien eragin onuragarria ere indartzen da, baina, horretarako, ondoren papera erre behar da. Santiaguito gozotegian (Bilboko katedralaren ondoan) XVII. mendetik egin dituzte malba zuri gozokiak, zenbait dokumentutan jasota dagoenez.

3.- Ezaugarriak:

Malba zuria eragin lasaigarria daukan sendabelarra da eta eztarriko hanturak arintzeko erabili ohi da.

4.- Osagaiak:

Gozokiak egiteko, ura, glukosa (lehen, eztia), azukrea eta malba zuriaren sustraia erabiltzen dira.

5.- Ekoizpen eremua:

Malba zuri gozokiak etxeko gozotegi industria txikietako produktu ohikoenetako bat ziren (berrogeiko hamarkadara arte, Euskal Herriko herri txiki askotan mota horretako gozotegiak izaten ziren). Gozoki horietaz gain, txokolatea, boladuak (azukre-koskorrak), piruliak eta, kasu askotan, tokiko elizetarako kandelak eta argizariak egiten zituzten, Tolosako Gorrotxategi gozotegiaren museoan ikus dezakegun bezala.

Bestelako produktuak